Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian du Azpeitiko Udalak

0
Hasia da 2020ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia eta, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian du, aurten ere. Iaz, errenta aitorpena egin zuten azpeitiarren €43ak egin zuen euskaraz. Aurten egin dezagun gehiagok!

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, tartean, Azpeitiko Udalak. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin lortu nahi duena.Gaur hasten da Gipuzkoan autolikidazioak onartzeko epea eta herritarren gehiengo handi batek autolikidazio proposamena jasotzen duela kontuan hartuta, horri eman zaio aurten ere garrantzia.

Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.