1.160 isun erregistratu dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Euskadin Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.160 isun proposatu dituzte ostiraletik igandera bitartean pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko osasun-arauak urratzeagatik. Horietatik gehienak, 755, zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek justifikatu gabeko joan-etorriak eragozteko eta indarrean dauden osasun-arauak betetzen direla zaintzeko egindako kontrolen ondorioz, 1.160 isun formulatu dituzte joan den ostiraletik, hilaren 9tik, igandera, hilaren 11ra, bitartean. Horietako gehienak, 755, alegia, mugikortasun-mugak edo gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez betetzeagatik. Zehatz-mehatz, 505 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 166 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik eta beste 84 EAEko edo norbera bizi den udalerriko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 233 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 68 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxe-arloan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 309 isun Araban, 524 Bizkaian eta 327 Gipuzkoan.