Eusko Jaurlaritzak 298.000 euro bideratuko ditu toki-administrazioen berezko artxibo-sistemak abian jartzeko edo finkatzeko diru-laguntzetarako

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du toki-erakundeei beren artxibo-sistema martxan jartzeko eta/edo sendotzeko 298.000 euroko diru-laguntza emateko deialdia.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako laguntzak sei proiektu edo programa mota hauek finantzatzeko izango dira:

  • Udal eta kontzejuetako artxiboetako funtsak antolatzea.
  • Berezko artxibo-sistemak ezartzea eta finkatzea, artxibo-proiektu baten bidez.
  • Tresna deskribatzaileak sortzea edo hobetzea, bai funtsen deskribapena sustatzen duten programen bidez, bai dokumentuak kudeatzeko eta zabaltzeko politika eraginkor bati begira tresna deskribatzaileak informatizatzea helburu duten beste programa batzuen bidez.
  • Dokumentu-funtsak balioestea eta hautatzea, betiere funtsak kontserbatzeko/ezabatzeko politika global baten barruan.
  • Kultura-hedapeneko artxibo-jarduerak.
  • Artxibo-zerbitzu mankomunatuak mantentzea.
  • Artxiboko dokumentuak, artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak digitalizatzea, ahal dela 50 urte edo gehiago dituztenak, baldin eta artxibo-funtsa antolatuta badago eta euskarri informatikoan inbentario bat badu.

Diruz lagundutako programek aurrekontuaren% 50erainoko laguntza jaso ahal izango dute, eta gehienez 20.000 euro proiektuko.

Interesa duten udalek hilabetez eskatu ahal izango dituzte laguntzak, apirilaren 27tik aurrera.