Kultur sormen prozesuak eta sormen egonaldiak garatzeko asmoz, abian dira 2021. urteko Sorkuntza Bekak Azpeitian

0
Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean, Kultur sortzaile gazteei eta berriei zuzenduriko Sormenerako beken seigarren edizioa aurkeztu dituzte gaur. Aurten 20.000€ko beka izango da; 12.000€, orain arte bezala, sormen proiketuak sustatzeko izango da eta beste 8.000€ak bi sormen egonaldi laguntzeko bideratuko dira.

Kulturarekin eta kultur sorkuntzarekin duten konpromisoaren baitan, kultur sortzaileei baliabideak eskaintzeko Kultur Sorkuntza Beken seigarren edizioa abian jarri dute Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean. Beka sortu zenetik, baliabideak handitzeaz gain, gaur egun 20.000€ko diru poltsa bideratzeaz gain, Dinamoa Sormen guneko baliabideak izaten dituzte erabilgarri irabazleek, sortzaileak lagundu eta babesteko.

Aurtengo bekari dagokionez, sormen proiektuak laguntzeaz gain, kultur-sorkuntza egonaldiak egiteko bi beka ere eskaintzen ditu. Proiektuak aurkezteko azken eguna maiatzaren 14a izango da, eta deialdiaren inguruko oinarriak eta informazio osoa udal webgunean dago kontsultatzeko.

Kultura-sorkuntzatzat hartzen dira artistaren irudimenaren emaitza, musika, pintura, eskultura, literatura-obra, antzerkiobra, obra zinematografikoa, komikia, soinu-konposizioa, ikusentzunezko konposizioa, konposizio digitala, dantza eta abarren forma har dezakeen kultur espresioa. «Aurten, inoiz baino gehiago sortzaile gazte eta berriei baliabideak eskaini nahi dizkiegu, buruan duten sormen proiektu hori garatzeko. Hilabete zailak izaten ari dira guztiontzat, eta nola ez, kultur munduarentzat. Horregatik, aurten, inoiz baino gehiago kultur sorkuntzaren bidez norbere ideia, kritika, emozio eta bestelakoak plazaratzera animatu nahi ditugu herritarrak”, adierazi du Ainara Larrañaga Kultura Batzordeburuak.

Sortzaile gazte eta berrien proiektuak bultzatzeko 12.000€ko diru poltsa izango da. Kultur disziplina anitzetako zein disziplina arteko proiektuak garatzeko baliabideak eskainiko zaizkie beka jasotzen dutenei. Beka hori jasotzen dutenek, azken urteotan bezala, Soreasuko Dinamoa sormen guneko espazio eta baliabideak izango dituzte eskura.

Bi sormen egonaldi ere bai
Beka horietaz gain, iaz abian jarritako sormen egonaldietarako bekak ere emango dira. Azpeitian bertako kultur baliabideak erabiliz gutxienez sei asteko egonaldiak egiten dituztenei bideratutako laguntza berria izango da;. 4.000 euroko bi beka eskainiko dira; sormen prozesuko zein egonaldiko gastuetarako izango da dirua: «Sormen prozesuari dagokion balioa eta duintasuna emateko bidean sakontzen jarraitzen dugu. Ez dugu kulturarik gabeko herria ulertzen, horrek ezinbestean esan nahi du sortzaileen baldintzak hobetzeko eta haien ondoan egoteko apustua egitea dagokigula, herri bezala eta erakunde bezala», gaineratu du Larrañagak.

Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak herriko sortzaileak animatu nahi izan ditu bekara aurkezteko: “Herrian kultura sortu, sustatu eta bultzatzeko baliabide publiko gero eta indartsuagoak ditugu. Urtez urte, bekara aurkezten diren proiektuetan ere nabari da herritarrak gero eta kalitate eta lanketa gehiago eskatzen duten proiektuak gauzatzeko nahia dutela. Uste dut aukera paregabea dela hasi berrientzat beren proiektua gauzatzeko baliabideak herrian bertan izatea, eta ausartzeko esaten diet”.

Bosgarren edizioa da aurtengoa eta aurreko edizioak «emankorrak» izan dira; 30 sormen proiektu lagundu dira orain artean eta urtez urte proiektuen kalitatea «gorantz» doala azpimarratu du.