2020ko EiTB maratoia ekimen solidarioko 809.026,80 euro bideratuko dira COVID-19aren inguruko ikerketa-proiektuetara

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak, gaur, Osasun Sailak proposatuta, BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren laguntzen deialdia onartu du, 809.026,80 eurokoa; kopuru hori 2020ko EiTB maratoia ekimen solidarioan lortu da, eta COVID-19aren inguruko ikerketa-proiektuetara bideratuko da.

Laguntza-deialdi horren bidez, BIOEFek, EiTB maratoiari eta elkarte, erakunde eta instituzioen eta  banakoen elkartasunari eta elkarlan aktiboari esker, COVID-19aren ikerketan aurrera egitea du helburu. Gaixotasun hori erronka handia izaten ari da osasun-sistema guztietarako. Jakinkizunik eza eta jakintza gehiagoren beharra presente daude arlo guztietan: epidemiologia; biomarkatzaile potentzialak; kutsatzeko eta babesteko mekanismoak; Big Datan oinarritzen diren ereduak, erabakiak hartzen lagunduko dutenak; gaixotasunaren arrisku-faktoreak; infekzio zelularreko mekanismoak eta immunitatearen sorkuntzakoak; adierazpen klinikoak eta haien tratamendua; zerbitzuak emateko ereduak; prozedura diagnostikoak, eta txertoak. Horrek guztiak agerian uzten du zer garrantzitsua eta premiazkoa den laguntzen deialdi hau Euskadin ikertzaileen ikerketa bultzatzeko.

2020ko EiTB maratoian ikerketako arlo tematiko hori sustatzeko eta finkatzeko bildutako zenbatekoa osasun-arloan ikertzeko proiektuak finantzatzera bideratuko da. Laguntza horietara Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratutako eragileek jo ahalko dute, eta ezinbesteko eskakizuna izango da osasun-ikerketako zentro gisa egiaztatutako Sareko eragile batek gutxienez parte hartzea.

Eusko Jaurlaritzarentzat eta Osasun Sailarentzat lehentasunezkoa da ikertzaileen ahaleginari eta talentuari esker hainbeste aurrerakuntza ekartzen ari den ezagutza areagotzera bideratzen den ikerketa biomedikoa sustatzea eta, aldi berean, Euskadin aberastasuna sortzen eta garapen sozioekonomikoa garatzen laguntzea. Eta uste oso hori da Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritza osoak gure osasuneko emaitzak hobetzeko eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duten apustu estrategikoaren oinarria.