Paul Ortegak estatuz azpiko lankidetzaren zeregina aldarrikatu du

0

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega Diputatuen Kongresuko Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Batzordean agertu da gaur. Bilkuran, arloko adituak bildu dira, Lankidetza Lege berria lantzeko gomendioak bilduko dituen txosten bat idazteko helburuarekin.

Paul Ortegak bere hitzaldiaren hasieran gogora ekarri du 17 autonomia-erkidegoek, 1.150 udalek baino gehiagok, bederatzi elkartasun-funtsek eta foru-aldundi eta hiriburu batzuek nazioarteko lankidetzaren esparruan bete duten zeregin azpimarragarria. Halaber, garapen globalean laguntzeko duten ahalmen handiaren balioa azpimarratu du. Izan ere, tokiko esparrutik hurbil daude, eta toki desberdinetako askotariko agenteen arteko antolaketa errazten dute.

Ildo horretan, Ortegak aldarrikatu du lankidetza deszentralizatuak zeregin garrantzitsua bete dezakeela Europako Batzordeak edo beste agente batzuek Administrazio zentralaren bidez bideratzen dituzten ekimenen garapenean, eta azpimarratu duenez, “etorkizuneko legeak onartu egin beharko luke eLankidetzak eta estatuz azpiko gainerako erakundeek beste agente batzuekin (eta, bereziki, EBrekin) zuzenean lankidetzan jarduteko aukera”. Ortegak, bere proposamena defendatzeko, estatuz azpiko gobernuek pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazten laguntzeko duten finantza-ahalmena, esperientzia eta borondate politikoa azpimarratu ditu. Izan ere, Espainiako aldebiko Garapenerako Laguntza Ofizialaren % 33ren jatorria lankidetza deszentralizatua da.

Hori dela eta, eLankidetzako zuzendariak eskatu du lege berrian autonomia-erkidegoen, aldundien eta tokiko erakundeen lankidetza-eskumena kontuan hartzea, lankidetza deszentralizatuak legearen ezaugarri bereizgarri gisa duen balioa azpimarratzea eta lankidetza horri lege-babesa ematea.

Amaitzeko, Ortegak euskal erakunde publikoen arteko antolaketaren adibidea jarri du (agente horiek 60 herrialdeko 863 ekimenetan jardun zuten 2019an). Bereziki, El Salvador, Costa Rica eta Euskadiren artean uraren eta saneamenduaren arloan garatutako Lankidetza Teknikoko Programa aipatu du; ekimen horrek lankidetzaren eta uraren eremuetako agenteak antolatzen ditu, esperientziak trukatzeko eta kudeaketa hobetzeko.