Bost auzotako haur parkeak berrituko ditu Barakaldok

0

Hiriko bost parke hobetzeko lanak egingo ditu Barakaldoko Udalak, hiriko haurrentzako jolas-guneak modernizatzen jarraitzeko. Oraingo honetan, bost auzo barakaldarretan egingo dira jarduketak: Kastrexana, Burtzeña, Retuerto, Gurutzeta eta Erdialdekoan. Besteak beste, honako jarduketok egingo dira: lurzoruko gomak konpontzea, zabuak aldatzea eta egokitutako jolasak jartzea.

200.000 euroko inbertsioa egingo du Jon Andoni Uriak zuzentzen duen Hiriko eta Auzoetako Obra eta Zerbitzuak Arloak. «Parke ugari ditu Barakaldok. Duela bost urte ekin genion guztiak berritzeari, instalazioak berritu eta hiriko neska-mutil guztiei egokitutako parkeak sortuz eta mugikortasun urriko txikientzako jolasak gehituz», gogoratu du Uriak.  «Orain kontratatu berri ditugun erreformei esker aurrera egingo dugu auzo barakaldarrei agindutakoa betetzeko bidean», azpimarratu du.

Inbertsiorik handiena, Anaien parkekoa: 48.218 euro. urzoruko goma aldatzean dautza lanak Horrez gainera, zabuak aldatuko dira,  hodei itxurakoak jarriz, eta jolas inklusibo bat gehituko zaio.

Gomazko lurzoruaren ordez, beste gogorrago bat jarriko da Retuertoko Zubitxueta parkean, eta inbertsioa 44.785 eurokoa izango da. Duela urte batzuk, txikienentzako babes-hesi bat jarri zen parkea inguratuz. Horrez gainera, bi zabu inklusibo, eta beste jolas-gune batzuk jarriko dira txikienentzat.

Kastrexanako haur parkean ere jarriko dute gomazko lurzorua, oraingoa oso narriatua baitago. Horrez gainera, zabuak eta bi jolas inklusibo ere. Leku berean, lorategia kendu eta espaloi bat jarriko da parkearen aldameneko pabiloietara errazago sartzeko. 43.462 euro inbertituko da horretan.

Gurutzetako Betelurin 41.192 euro inbertituko dira gomazko lurzorua aldatzeko. Jolas-gune berri bat ere egingo dute, eta bertan, txikienentzako tirolina bat. Zabu inklusibo bat ere hartzen du barne proiektuak.

Burtzeñako obraren inbertsioa 21.733 eurokoa izango da. Obra honetan, lurzoru osoa berrituko da, guztiz ahitua baitago, eta saski-zabu bat jarriko, ume guztiak jolasteko.

Hilabetekoa da obra guztien exekuzio epea.