Eskolako Agenda 2030 programarako laguntzen deialdia argitaratu du Eusko Jaurlaritzak

0

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hezkuntza Sailak sustatuta, EHAAn gaur argitaratu da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia, datorren ikasturtean Eskolako Agenda 2030 (EA2030) programa garatzeko. Eskabideak aurkezteko epea bihar irekiko da.

Gaur argitaratutako apirilaren 14ko Aginduaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 1.000.000 euroko aurrekontua bideratuko du laguntza-lerro horretara. Ikastetxe bakoitzak gutxienez 750 euro eta gehienez 5.000 euro eskuratuko ditu Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) esparruan ingurumen-hezkuntzako proiektu bat gauzatzeko. Proiektu horretan ikastetxeko estamentu guztiak inplikatu ahal izango dira: familiak, pertsonal ez irakaslea, irakasleak eta ikasleak.

Eskolako Agenda 2030 programak, sortu zenetik, arrakasta handia izan du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan.  Batez beste, 450 ikastetxe publiko eta pribatu-itundu baino gehiagok aurkezten dituzte eskaerak; hau da, 200.000 ikasle baino gehiago eta 15.000 irakasle baino gehiago, urtero.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak, Eskolako Agenda 2030 programa garatzeko, Ingurugelaren (Ingurumen Hezkuntzako ikastegiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mende daudenak; bertan Hezkuntza Saileko profesionalek lan egiten dute) aholkularitza, laguntza teknikoa eta prestakuntza eskaintzen du.

Apirilaren 24tik maiatzaren 25era arte

Programa honetan parte hartzeko eskaera modu telematikoan egin beharko da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, eta bihartik, apirilaren 24tik, maiatzaren 25era arte —biak barne— aurkeztu ahal izango da.