Euskadik berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarra bultzatuko du

0

Gaur goizean, Bilbon, Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarra izango denaren lehen urratsa aurkeztu dute, eta ekitaldi horretan (fisikoki eta online) euskal gizarteko eragile sozial politiko eta ekonomikoen ordezkaritza garrantzitsu batek hartu du parte.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu duten ekimena NBE Emakumeak erakundeak Beijingeko Emakumeen IV. Mundu Konferentziaren 25. urteurrena ospatzeko diseinatutako «Generation equality» nazioarteko proiektuaren barruan kokatzen da. Ekimen honen helburua da munduko konferentzian parte hartu zuten emakumeen ondarea belaunaldi berriek jasotzea, etorkizunean berdintasunak aurrera egingo duela bermatzeko modu gisa.

Artolazabalek azaldu duenez, «Euskadin eta Emakunderen bultzadarekin Generation equality -ek eskaintzen digun aukera aprobetxatu nahi dugu herri gisa berdintasunarekin dugun konpromisoan urrats bat gehiago emateko. Eta nazioarteko esparru horretan, gauza garrantzitsu bat sortu nahi dugu: Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarra Euskadin «. Ildo horretan, euskal eragile sozial guztiei eskatu die urrats bat gehiago eman dezatela berdintasunarekiko konpromisoan, eta, horretarako, Generation Equality -ek eskaintzen duen ibilbidea haien eskura jarri du. Ibilbide hori euskal errealitatera egokitu du Emakundek, Euskal Gazteriaren Kontseiluarekin eta Emakundeko Batzorde Aholkulariarekin egin den lan-prozesu baten bidez.

Beijing-eko printzipioetan oinarritutako ibilbide bat da, erakunde, entitate eta enpresa bakoitzari eskaintzen zaiona, azken 25 urteetan berdintasunaren arloan egindako aurrerapenen barne-diagnostikoa egin dezan eta etorkizunean bete nahi dituen konpromisoak zehaztu ditzan.

Artolazabalen hitzetan, itun hori «urrats bat gehiago izango da euskal gizartearen berdintasunaren aldeko konpromisoan».

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, bestalde, inplikatutako eragileei eskaintzen zaien ibilbideari buruzko informazioa eman die. Erakundeei eskatzen zaie egin dezatela ibilbide bat osagai hauekin: inplikazioa, aktibazioa, lidergoa benetako berdintasuna lortzeko. Hala, erakunde bakoitzak talde eragile bat sortzeko konpromisoa hartuko du, Beijingeko konpromisoei dagokienez berdintasunaren arloan erakundeak duen abiapuntua aztertzeko. Hurrengo urratsa azken 25 urteetan berdintasunaren arloan eman diren aurrerapen esanguratsuenak jasotzea da. Hirugarren mugarria etorkizuneko erronkak identifikatzea eta helburu zehatz batzuekin konprometitzea da. Konpromiso horiek betetakoan, eragileak prest egongo dira Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Itun sozial eta Herritarrean parte hartzeko.

«Gure herrialdeko eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztiei dei egiten diet benetako berdintasuna lortzeko bidean urrats sendo bat gehiago emateko aukera gal ez dezaten», adierazi du Landaidak.

Gaurko jardunaldian  Marina Subiratsek parte hartu du, 1995ean Emakumearen Institutuko zuzendari izandakoak, eta Beijingen aktiboki parte hartu zuenak, Nazio Batuek antolatutako Konferentzian Europako Batzordearen bozeramailea izan baitzen, eta, gainera, Espainiako Ordezkaritzako koordinatzailea.

Jardunaldian parte hartu dute, halaber, Maialen Olabe Euskal Gazteriaren Kontseiluko presidenteak eta Begoña Gorospe Emakundeko Aholku Batzordeko ordezkariak. Bi erakundeen artean egindako belaunaldien arteko prozesuaren berri eman dute, eta gainerako eragileentzako ibilbidea prestatzeko probatze-lana egin dute.