Donostiako Artzain Onaren dorreak argiak berritu ditu

0

Artzain Onaren dorreak argi berriak ditu, LED modukoak. Astelehenean 19:00tan piztuko da lehengo aldiz argiteria berria, eta horrenbestez, amaitutzat emango dira hiriko eraikin esanguratsuenetako baten dorrea berritzeko lanak. Udalak 200.000 euroko inbertsioa egin du, eta ondorioz, argiek kolore beroa emango diote eraikinari. Horri esker, hiriko katedralaren monumentu izaera indartuko da.

Argiteri berria Artzain Onaren dorrea berritzeko eta balioan jartzeko proiektuaren barruan dago. Dorrearen barrualdea berritu da eta helburua berau bisitatu ahal izatea da. Dorrearen barruko lanak udan amaitu baziren ere, eskailera berriak oraindik itxaron beharko du bisitak hartzeko. Izan ere, pandemiak hala eragiten dio.

Kultura zinegotzi Jon Insaustik gogorarazi du, Artzain Onaren dorrearen argiteria Udalak jarri zuela duela hamarkada batzuk, eta argi horien mantentze lanak egiten dituela. Horiek horrela, honakoa esan du: “Dorrearen barrualdearen lanak egiten ari zirela ikusi zen argiteria zaharkitua zegoela, eta ondorioz, erabaki genuen LED moduko argi berriak jartzea”.