Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 145 kontrol egin zituen 2020an, eta ez zuen zehapen-espedienterik abiarazi

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren 2020ko jardueraren balantzea aurkeztu dute gaur Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren mendekoa eta Euskadin dopinaren aurkako borrokan eskuduna den erakundeak, guztira 145 dopin-kontrol egin zituen iaz, laginak jasotzeko 46 misioren bidez. Iazko datuetan COVID-aren eragina nabarmena da 2019an egindako kontrolen kopuruan maximo historikoetara iritsi ondoren, 313 kontrolekin. Pandemiaren ondorioz, 2020ko martxotik programatutako lehiaketa asko ez ziren egin eta beste asko 2021era atzeratu ziren. Hori dela eta, iaz egindako kontrolak aurreko urtean egindakoen erdia dira. 2020an ez zen zehapen-espedienterik ireki behar izan dopin kasuengatik.

2020an egindako misio gehienak, 25 misio, % 58-a, kirol-probetara joanda egin ziren, hau da konpetizioan, eta gainerako 18ak, % 42-a, entrenamendu saioetan, konpetiziotik kanpo. Guztira 111 lagin jaso ziren lehiaketan eta 34 lehiaketatik kanpo. Kontrolak 11 kirol modalitatetan egin ziren, besteak beste, egindako kontrol kopuruaren arabera, arraunean (84 kontrol), errepideko txirrindularitzan (14), triatloian (11) eta kros atletismoa (10). 2020an ez zen kontrolik egin animalietan. 

Kirola Kontrolak Misioak
Arrauna 84 28
Errepideko Txirrindularitza 14 3
Triatloia 11 1
Kros Atletismoa 10 2
Pelota 8 3
Duatloia 5 1
Halterofilia 5 1
Errepideko atletismoa 4 1
Euskal Pentatloia 2 1
Harrijasotzaileak 1 1
Aizkolariak 1 1
GUZTIRA 145 46

Dopin-kontrolak egin ziren ekitaldi gehienak, % 67, erkidego mailakoak izan ziren, % 28 estatu mailakoak eta % 5 nazioartekoak. Generoari dagokionez, kontrolen xede izan ziren kirolarien %78 gizonak izan ziren eta %22 emakumeak.

Emaitzak

2020an egindako 145 kontroletatik hirutan emaitza analitiko atipikoak atzeman ziren, hirurak aldatutako profil esteroidalarekin. Biren kasuan analisi osagarriak egin ziren horien jatorri exogenoa baztertzeko eta edozein anomalia baztertu zen.

Hirugarren kasuan Dorzolamida detektatu zen, substantzia debekatuen zerrendan dagoen substantzia bat (S5 taldea. Diuretikoak eta agente maskaratzaileak). Kirolariak mediku txostenen bidez justifikatu zuen kontrola egin aurreko datetan sendagai oftalmiko bat hartu zuela (baimenduta dago) eta ez zen zigor espedienterik abiarazi.

Hortaz, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak ez zuen dopinagatik positibo emateagatik zehapen-espedienterik abiarazi 2020an.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak adierazi duenez Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak “dopinik gabeko kirola lortzeko eta dopinarekin zero tolerantziaren kultura ezartzea lortzeko lan egiten du, baita kirolaren benetako balioak balioesteko ere, hala nola ahalegina, nork bere mugak gainditzea edo kiroltasuna, besteak beste”.

2020an Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren bi ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ere ebatzi ziren. Bi kasuetan (2018 eta 2019koak), justiziak arrazoia eman zion Agentziari, eta jarritako errekurtsoak ez ziren onartu.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia

Euskadin dopinaren kontrako borroka kudeatzea Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren eskumena da. Espainian antzeko beste agentzia bat baino ez dago, Estatu mailakoa. Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren aurkako Legearen aldaketa onartu zuen 2018an, eta bertan berariaz jasotzen da Euskadin dopinaren aurkako borroka Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren eskumena dela. Lege berriak, gainera, araudia dopinaren aurkako Munduko Kodera egokitu eta zigorrak gogortu zituen. Zupiriak gogoratu duenez “nazioarteko araudia bost urtean behin berritzen da, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburua da legegintzaldi honetan Kiroleko Dopinaren Aurkako Legea berritzea, horrela, nazioarteko aldaketa berrietara egokitu ahal izateko”. Era berean, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren erreferentziazko izaera sendotzeko konpromisoa ere jasotzen du Gobernu Programak. Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren helburua urtero 300 kontrol inguru egitea da nahiz eta iaz pandemiaren eraginez ezin izan zuen kopuru horretara iritsi. 2019an 311 kontrol egin ziren, 2018an 293 eta 2017an 292.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak heziketa eta sentsibilizazio lanak ere egiten ditu kirolariei, federazioei eta kirol-teknikariei informazio-hitzaldiak eta aholkularitza eskainiz. Hori, legedi propioa garatzearekin, egiten diren kontrol kopuruarekin eta dopin-espedienteekin batera,  Agentzia Dopinaren Aurkako Nazioarteko Agentziako kide bezala onartzeko gakoak dira Eusko Jaurlaritzaren iritziz eta aspalditik dabil hori lortzeko lanean.