Extremadurako Gobernuari bere parke mugikorra kudeatzeko aplikazioa utzi dio Eusko Jaurlaritzak

0

Extremadurako Juntak atzotik erabiltzen du Eusko Jaurlaritzaren aplikazioa bere parke mugikorra kudeatzeko. Dispositibo hori errepikatzeko interesa dutela baieztatu diote Eusko Jaurlaritzari, azken asteetan bi erakundeen artean egin dituzten doikuntza batzuk erantsiz.

Administrazio publikoan aktiboak eta aplikazioak berrerabiltzea ez da ohikoa erakundeen artean, nahiz eta Espainiako legeriak, zehazki 11/2002 Legeak, berrerabilpena bultzatzen duen eraginkortasunean aurrera egiten laguntzen duelako eta jadanik sortuta dauden soluzio eta azpiegiturak partekatzea sustatzen duelako administrazio elektronikoaren alorrean. Hala ere, kasgu gehienetan, administrazio bakoitzak bere neurrira eginiko aplikazioa garatu edo eskuratu ohi du.

Extremadurako Gobernua duela urtebete inguru jarri zen harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin parke mugikorra kudeatzeko duen aplikazioa erabiltzeko asmoaren berri emateko. Aplikazio honen helburua ibilgailuen kudeaketa, eskaerak eta esleipenak ebaztea da, baita mantentze lanekin, tailerrarekin, berrikuspenekin, aseguruekin eta abarrekin zerikusia duen guztia ere. Aplikazioa taula batzuen mantentzean oinarritzen da, eta taula horietatik parke mugikorraren funtzionamendurako beharrezkoak diren datuak hartuko dira. Mantentze hori oso lan garrantzitsua da aplikazioak ondo funtziona dezan.

Extremadurako Juntak ez zeukan bere ibilgailu-parkea kudeatzeko sistema zentralizaturik, sail bakoitzak bere kabuz kudeatzen zuen eta ez zuen bere ibilgailu parkea kudeatzeko aplikaziorik. Ibilgailu flota osorik kudeatzera aldatu denez, arduradunek sistema bateratu bat ezarri dute, Eusko Jaurlaritzak helburu horretarako sortu eta gaur egun erabiltzen duen aplikazioaren bidez kudeatuta. Zenbait egokitzapen egin behar izan dituzte beren beharretara doitzeko, eta horretan aritu dira teknikariak azken asteetan.

Jose Manuel Vargas Komunikazio eta Informazio Teknologien zuzendariak eta Juan Pedro Leon Extremadurako Juntako Ondare zuzendariak bilera telematikoa egin berri dute Xabier Arrieta Eusko Jaurlaritzako Komunikazio eta Informazio Teknologien zuzendariarekin gaia aztertzeko eta eskerrak eman diote Eusko Jaurlaritzari aplikazioa ‘maileguan’ emateagatik, bere aplikazioa erosi edo garatu behar izatea saihestuko baitio.