Donostiako Ondarretako aterpetxea itxuraldatuta esnatu zaigu

0

Amaitu dira Ondarretako aterpetxearen horma irudiaren lanak. Izan ere, Donostia Gazteriak bultzatutako lan ildoari erantzun borobila eman zaio era honetan.

Aurretik Uliako aterpetxea izan zen esku-hartze artistikoa bizitu zuena eta oraingo honetan Ondarretak hartu du lekukoa.

Diseinuan sirenak (Lamia berez irudi handian eta besteak jostunak dira…) dira protagonistak, aterpetxearen izenari zein euskal mitologiaren irudi esanguratsu honi aipua eginez.

Esku-hartzearen egileek dioten moduan “horrelako lanak tresna eraginkorra dira gauzatzen den tokiaren berri emateko, hurbiltzen direnei harrera beroa egiteko eta eraikuntzak duen historia gogoan izateko”. Eta, era horretan, “emakume jostunen irudiak erakusten dira haria (lamiaren adatsa) lantzen ari direla”.

Era berean, hiriko puntu kritikotzat hartu den aterpetxeak emakumeen ahalduntzea eta indarkeria matxistez aske den Donostia aldarrikatu eta memoria historiko feministak berreskuratu nahi ditu garai bateko emakume jostun haiek gogoan izanda.