ZAEren dirulaguntzaren kreditu aldaketa

0

Zarauzko Udalak, apirilaren 29an ospatutako ohiko udalbatzan, Zarautz Arraun Elkarteari (ZAE) ematen zaion diru-laguntzari 20.000 euroko kreditu gehikuntza bideratzea onartu zuen, aho batez, denboraldi honetan klubetik ekindako emakumeen arrauneko kirol ibilbidea eraikitzen lagundu eta babesteko helburuarekin.

Zarautz Arraun Elkarteak beti izan du eskaintza parekidea izateko jarrera eta, urte askoren ostean, 2020 urteko irailean, berriz ere ZAE emakumeen trainerua ateratzeko saiakera egiteko unea zela erabaki zuten. Deialdi hartara 24 emakume gerturatu ziren eta abendura arteko trantsizio aldia egitea erabaki zuen elkarteak, probatzeko. Abenduan 30 emakume ziren taldeari atxiki eta konpromezua hartu zutenak eta, beraz, elkarteak erabaki zuen 2021 denboraldian ETE Ligan parte hartzeko aukera paregabea zutela, honek hutsetik hastea esan nahi zuen arren, aspektu orotan.

Leire Arana (EAJ-PNV) Kirol zinegotziak adierazi duenez, “Emakumeen kirol ikuspegitik, Zarautz Arraun Elkartea inflexio puntu batean dagoela garbi dago. Elkartean inoizko emakumeen parte hartzerik handiena dago une hauetan. Iazko datuekin alderatuta, 51 emakume arraunlari gehiago daude aurten: infantil mailan 25, kadete mailan 5, jubenil mailan 17, eta senior mailan 16. Hastapeneko mailan dauden neskentzat erreferentziazko emakumeen traineru bat izatea elkartean izugarri garrantzitsua da eta, horregatik, emakumeen arrauneko proiektu berri honen hasierako ibilbidean babesa eta laguntza ematea ezinbestekoa dela uste dugu”.

“Arraun Elkarteari ematen diogun laguntza honekin, Jon Artola presidenteari emandako hitza betetzen dugu, emakumeen trainerua uretaratzean Zarauzko Udalaren babes osoa jasoko zuela” azaldu du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.

«Zarautzek, bederatzi urte eta gero, nesken trainerua izango du uretan aurtengo udan; Ilusioz beteriko ontzia, arraun egiteko gosez» adierazi du Jon Artola ZAEko presidenteak. «Eskerrak eman nahi dizkiot Zarauzko Udalari erronka hau aurrera atera ahal izateko emandako babes osoagatik».