Zarauzko Vista Alegreko espaloien konponketa

0

Zarauzko Udalak Vista Alegre auzoko espaloietan konpontze lanak egingo ditu aste honetan zehar. Auzoan orain arte zeuden harlauzak kendu eta, bere tokian, asfalto gorria erabiliko da. Era honetan, lurzorua bustia dagoenean gerta daitezkeen labainketen arriskua saihesten saiatuko da.

“Auzoko hainbat gunetan lurreko zoladura aldatu beharrean zegoela jakinarazi ziguten bertako bizilagunek” adierazi du Iban San Martin (EAJ-PNV) Obra Txiki eta Zerbitzu zinegotziak. “Aurretik zeuden harlauzak asfaltoarengatik ordezkatuko ditugu labainketak ekiditeko eta maldatsuak diren tarte batzuetan aurrerago baranda jarriko dugu auzotarrei igoera errazteko”.

Udalak, 48.398 euroko inbertsioa (BEZ barne) egingo du Vista Alegreko auzotarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten lan hauetan. Konponketak PROBISA enpresaren esku daude eta aste honetan bertan amaituko direla aurreikusten da.