Indartu egingo dute ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena bigarren mailako errepideetan

0

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, bigarren mailako errepideetan dabiltzan ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena indartuko du maiatzaren 3tik 9ra bitartean. Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren zaintzea. Batez ere ikuskatuko dira:

  • Ibilgailuen Azterketa Teknikoa.
  • Argiak.
  • Pneumatikoen egoera.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak adierazi duenez, “ibilgailuaren mantenimendua behar bezala egitea lagungarria da horien bizitza baliagarrian segurtasun-baldintza jakin batzuk ziurtatzeko. Horregatik da funtsezkoa IATan baldintza horiek ziurtatzea, bai eta baimendutako mekanika-lantegietan aldian behin azterketak egitea ere, errepidean ezustekorik gerta ez dadin”.

IATa eguneratuta ez izatea arau-hauste larria da, eta 200 euroko zigorra du. Argiei dagokienez, anomaliaren bat hautematen bada, gidariari jakinaraziko zaio lehenbailehen konpon dezan. Anomalia horiek bidean gertatzen badira, ez da eragotziko jarraitzea, baldin eta arriskutsua ez bada; izan ere, gaur egun ez da nahitaezkoa ordezko lanparak eramatea.   Bestalde, pneumatikoek gutxienez 1.6 mm-ko errodadura-sakonera izan behar dute.  Horrez gainera, beti mantendu behar dituzte arauzko inskripzioak, eta ez dute babarik, deformaziorik, hausturarik edo pitzadurarik izan behar, ezta kablerik ere agerian.

Ibilgailuen baldintza teknikoak ikuskatzeko kanpaina trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.