Espainia osoko kasinoetan iruzur egiten zuen talde kriminal ibiltari bat desegin du Ertzaintzak

0

“Gereziak-Armeria“ izeneko polizia-operazioa Polizia Nazionaleko Ausazko Jokoen eta Apustuen Kontrol Zerbitzuko agenteek 2020ko udan modus operandi berri bat hauteman ondoren garatu dute. Ikerketa Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiarekin eta Joko eta Ikuskizunen Taldearekin koordinatuta egin da.

Talde kriminaleko kideek jolas-makinetako arrabolen ausazkotasun-algoritmoei eragiten zien eta patroiak identifikatzen zituen sistema sofistikatu bat erabiliz egiten zuten iruzur. Sekuentzia irabazlea aurkitzen zutenean, atxilotuek hainbat apustu egiten zituzten diru-makinetan, ahalik eta irabazirik handiena lortzeko. Egiaztatu da talde antolatu honek Espainia osoko hamar bat kasinotan jardun duela.

Aurrekaririk ez duen operazioa

Polizia Nazionaleko eta Ertzaintzako polizia-adituek aztertutako informazioan agerian geratu zen gailu elektronikoren bat erabiltzen zutela erabiltzaileak jokoaren sekuentzia identifikatzeko eta dirutan sariak eskuratzeko.

Polizia-kidegoen ikerketak Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatu zituen taldeko bi kide. Horren aurrean, eta ikerketa behar bezala burutu ahal izateko, lan-talde bateratu bat eratu zen talde iruzurgileko kideak argi eta garbi identifikatzeko eta, aldi berean, iruzurra jasan zuten kasinoetako salaketak eta irudiak biltzeko.

Bildutako informazioa eta kasinoen barruan lortutako irudiak aztertu zituztenean, jakin ahal izan zuten, hautatutako makina jakin batzuetako sariak lortzen zituztenean ikertuak, iruzur egindako lekua seinalatuta ez uztearren, sarietako txartelarekin beste makina batzuetara aldatzen zirela lortutako irabaziak kobratzeko. Sariak beti mila eurotik beherakoak izaten ziren, irabaziak kobratzera kasinoko kutxara joaten zirenean nortasun-agiririk eska ez ziezaieten.

Polizia-kudeaketei esker aurkitu zituzten susmagarrietako bi, eta zaintzen eta atzetik jarraitzen hasi ziren. Lan horren ondorioz, talde kriminaleko hirugarren kide bat identifikatu eta kokatu zuten. Horrez gainera, egiaztatu ahal izan zuten ikertzen ari ziren pertsonak iruzur-delitu hori Gironako, A Coruña eta Euskadiko kasinoetan egin zutela, eta, besteak beste, Valladolideko, Zaragozako eta Madrilgo kasinoak ere bisitatu zituztela.

Ikerketan zehar informazioa eskatu zitzaien Europar Batasuneko herrialdeetako agintariei, eta jakin zuten taldea Frantziako joko-aretoetan ibili zela, eta kidetako bat baita Belgikan ere, eta Europako beste joko-areto batzuetako antzeko ekintzei buruzko berrien zain geratu ziren ikertzaileak.

Une hauetan, Covid19aren eta mugikortasunean eta kasinoetako sarbideetan ezarritako murrizketen ondorioz, taldearen delitu-jarduera etenda zegoen. Egoera horrek bultzatuta, eta taldeko laugarren kidea alde eginda zegoela kontuan hartuta, Ertzaintzako eta Polizia Nazionaleko ikerketa taldeek Irunen atxilotu zituzten bi gizon eta emakume bat, 45, 31 eta 44 urtekoak, hurrenez hurren. Horrez gainera, agintaritza judizialari laugarren kidea atxilotzeko agindua eskatu zioten. Operatiboa apirilaren 17an gauzatu zuten, Bilboko 6. Instrukzio Epaitegiak zuzenduta.

Atxilotuak Irungo Ertzain-etxera eraman zituzten, gero handik agintaritza judizialaren aurrera eramateko.