Berdinsareak 15 urte bete ditu

0

EUDELen presidenteak, Gorka Urtaranek, eta Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, erakunde bultzatzaileen ordezkari gisa, Berdinsarearen osoko bilkuraren irekieran parte hartu zuten atzo arratsaldean. Osoko bilkura urtean behin izaten da gutxienez, balantzea egiteko eta euskal udalek berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio arloan dituzten lan-ildoak eguneratzeko.

Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarea den Berdinsarea 2006an sortu zen, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udal-gobernuen maila goreneko konpromisoa bateratzeko. 2021 honetan, Berdinsareak hamabost urteko ibilbidea ospatuko du, gaur, maiatzaren 12an, hain zuzen, ospatzen den Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko Europako Gutunaren 15. urteurrenarekin bat eginez.

Sare hori aitzindaria izan zen Euskadin eta Europan, eta udalek berek gobernatzea du ezaugarri; udal horiek dituzte, zehazki, berdintasunaren arloko politika eta praktika aurreratuenak. Berdinsarearen lana hainbat batzordetan egiten da. Batzordeek interes komuneko gaiak eta kontuak jorratzen dituzte, baina betiere tokiko aniztasunari eta, bereziki, udalerri txikiei arreta eskainiz.

Sarearen beste bereizgarrietako bat da erabakiak modu parte-hartzailean hartzen direla, maila politikoan eta teknikoan erabakita. Atzo arratsaldean, bideokonferentzia bidez, Berdinsarearen Osoko Bilkuran elkartu ziren gaur egun Berdinsarea osatzen duten 72 udalerri eta kuadrilla bateko alkateak eta zinegotziak, zeinak EAEko herritarren % 80a baino gehiagoren ordezkari diren.

Gorka Urtaranek eta Izaskun Landaidak «balio-sare» gisa definitu zuten Berdinsarea, bai udalerrientzat eta bai gizarte osoarentzat. Bi ordezkariek nabarmendu zutenez, euskal udalerriak beti egon dira «abangoardian» berdintasunaren arloan, eta Berdinsarearen hamarkada bat baino gehixeagoko ibilbideko mugarrietako batzuk zerrendatu zituzten: erakundeen arteko koordinaziorako lehen protokoloak edo berdintasunerako udal-ordenantzak, eta indarkeria matxistaren biktimei eta biziraun dutenei erreparazioa emateko gida.

EUDELen elkarteburu eta Gasteizko alkateak zorionak eman zizkien udal arduradunei, egungo testuinguruan kokatzen den Berdinsarearen urteurren «garrantzitsu» honengatik: «Udalok funtsezko eginkizuna dugu berdintasunaren erronkari erantzuteko, eta udalerriak eraldaketa sozialaren eszenatoki gara». Gorka Urtaranek balantze eta errekonozimendu garaia dela esan zuen, baina baita berritzekoa eta Sarea eguneratzekoa ere. «EUDELek eta Emakundek Berdinsareari ematen diogun laguntza berritu dugu, udaletan eta gizarte osoan erreferentziazko sare gisa finkatu dadin, euskal erakunde guztiekin lankidetzan eta koordinatuta», adierazi zuen elkarteburuak.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, bi erakunde bultzatzaileek elkarrekin lan egingo dute, “Berdinsarea berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka Euskal Udalok dugun konpromisoaren adierazlerik handiena izan dadin”. Horretarako, EUDELen elkarteburuak “Europako beste udalerri sare batzuekin lan egitearen» garrantzia azpimarratu zuen, «berdintasun-politika aurreratuenen lerroan jarraitzeko».

Emakundeko zuzendariak, ostera, nabarmendu zuen “Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea erakundeen arteko lankidetzaren garrantziaren adibide bat” dela, helburu berarekin lan egiten denean, eta azpimarratu zuen EUDELen eta Emakunderen artean 2006an sinatutako lankidetza-konpromisoa gure herrialdeko berdintasun-politiketan aurrera egiteko beharrezkoa den maila anitzeko lankidetza horren erreferente eta eredu bihurtu dela.

Landaidak nabarmendu zuenez, EUDELekin hitzarmena berrituta, sarea egungo egoerara egokitu eta suspertu nahi da: “Helburua da duela 15 urteko konpromiso hura mantentzea, indartzea eta berdintasun-politika aurreratuenekin bat egitea”.

Era berean, Emakundeko zuzendariak NBE Emakumeak Generation equality ekimenean parte hartzera gonbidatu zituen udalak. Euskadin Emakunde da ekimen horren buru, eta Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Itun Sozial bat aktibatzea du xede.

 

2021ko Ekintza Plana: Berritzea eta balioa ematea

Berdinsarearen helburuak dira berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka tokiko gobernuek kudeatutako programak eta zerbitzuak bultzatzea, indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea. Berdinsarearen parte izateko, udalerriek zenbait baldintza bete behar dituzte, besteak beste, Berdintasunerako Tokiko Plana onartuta izatea, eta hori gauzatzeko behar diren langileak eta baliabideak izan behar dituzte.

2021ean, sareko Ekintza Plana bi ardatz nagusitan oinarritzen da, eta ardatz horien bidez, egungo testuinguruan, pandemia osteko susperraldiak eta eraldaketak markatutako tokiko berdintasun-politiken erronka berriei erantzun nahi zaie. Lehenengo ardatzak berrikuntza, estrategia berriak, irudi-nortasun berria eta komunikazio-kanal berri bat dira, Berdinsarearen lehen webgunea. Bigarren ardatza Berdinsarearen proiekzioa eta Berdinsareari balioa ematea da, barruan eta kanpoan, udalerrien «sarea» izaten jarrai dezan, eta, aldi berean, erreferente izan dadin foro instituzional guztietan eta euskal gizartearen aurrean.

Planteatzen diren ekintza zehatzen artean, honako hauek daude: EUDEL-Emakunde erakunde arteko Hitzarmena berritzea; indarkeria matxistaren prebentzioan euskal udalen jarrera lantzea; pandemia osteko biziberritzeari begira udal-kudeaketarako erabakiak hartzean genero-ikuspegia bideratzea; udalerri txikietarako berariazko berdintasun-gida estrategikoa gauzatzea, edo teknikarien prestakuntza indartzea, besteak beste, honako arlo hauetan: berdintasun-klausulak kontratazioan, emakume biktimen erreparazioa edo hirigintzan genero-eragina ebaluatzea.

Osoko Bilkuran ekintza-ildo berriak aurkezteko ardura Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Angela Egia Gordexolakoak izan zuten, biak ala biak EUDELeko Batzorde Eragileko berdintasun-ordezkari gisa. Alkateek beste abantaila batzuen artean nabarmendu zutenez, “sareko lanak aukera ematen digu guztiontzako irizpideak definitzeko eta udalen arteko tresnak eta jardunbide egokiak partekatzeko», eta hori oso lagungarria da baliabide gutxien dituzten udalerri txikientzat. Biak bat etorri ziren adieraztean Berdinsareak «talde» gisa funtzionatzen duela eta «talde» gisa lan egiten duela, «aniztasuna» errespetatuta; eta, azalpena amaitzeko, sarean aktiboki parte hartzera animatu zuten: «Berdintasunerako bideak aurrera jarraitu behar du, Berdinsarearen tokiko konpromisotik, berdintasun-politiken sustapena Euskadiko udalerri guztietara heda dadin».