Euskal txikizkako merkataritzak areagotu egin du online salmenta 2020an

0
PRUEBA

Euskadiko Merkataritzaren Barometroak (Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak egiten duen pertzepzio-inkestak) Covid-19ak eragin duen pandemiaren lehen urtean egindako azterlana argitaratu du. Inkestari erantzun dioten euskal merkataritzako pertsonentzat, 2020ko ekitaldia bezeroen ohiturak aldatu dituen aldi bat izan da, baina, aldi berean, salmenta-modu berriak, digitalizazioa, kanal berriak eta zerbitzu-eskaintzaren berrikuntza bultzatu dituen etapa bat izan da. Azken batean, ezohiko urte horren inguruabar bereziek gizarte-aldaketaren bizkortzea bultzatu dute. Euskal merkataritzan, inpaktu horren ondorioak datozen urteetan ikusiko ditugu, baina inkestak eta merkatariek berek adierazi dutenez, sektoreak zailtasunei aurre egiteko erakutsi duen dinamismoa eta egokitzeko gaitasuna positiboa izan da.

Barometroaren arabera, 2020. urtean hamar establezimendutik hiruk (% 29,5ek) zerbitzu berriak garatu dituzte bezeroei eta eskari potentzialari erantzuteko. Zerbitzu horietatik guztietatik, pandemiaren aldian garatutako zerbitzu gehigarririk aipatuena etxez-etxeko bidalketarena izan da, baina oso aipatuak izan dira, halaber, hainbat kanalen bidez (hala nola telefonoz, web bidez edo WhatsApp bidez) erosketak edo erreserbak egiteko zerbitzuak, erosketak errazteko. Horrez gain, ordainketa-sistema berriek ere gora egin dute (hala nola mugikorretik ordaintzeko Bizum sistemak). Beren eskaintzan berritasun gehien gaineratu dituzten merkataritza-azpisektoreak osasunari eta edergintzari lotutakoak izan dira, baita elikadura ere.

Ildo horretan, euskal txikizkako merkataritzan teknologia berrien txertatze-mailak sendotu egin du goranzko joera 2020. urtean. Nolanahi ere, joera hori azken urteetan aurreratu zen. Gaineratu diren informazioaren teknologia guztietatik, saltokiko terminalen kopuruaren igoera azpimarratu beharra dago. Izan ere, hamar establezimendutik zortzik (% 82,9k) dagoeneko badituzte terminal horiek. Halaber, ordenagailu eramangarrien (hala nola CPUa duen aukeraren) eta tableten agerpenak gora egin du txikizkako sektorean. Smartphoneak, lan-tresna gisa, tabletak eta ordenagailu eramangarriak baino neurri handiagoan erabiltzen dira.

Online kanalaren bitartez saltzen duen euskal txikizkako merkataritzaren tasa % 16,0ra iritsi da, eta igoera esanguratsua izan du 2019ko Barometroarekin alderatuta (portzentajezko 4,4 puntu gehiago). Online salmentako zerbitzua emateko euskarriei dagokienez, % 76,5ek beren webgune propioa erabili dute, baina proportzio hori behera egiten ari da. Aldiz, gora egiten ari dira e-commerceko orotariko plataformak eta eremukoak, baita sare sozialak ere. Oso esanguratsua da honako datu hau: online salmenta egiten duten hiru saltokitik batek (% 35,1ek) adierazi duenez, aurreko urtearekin alderatuta bere salmentek gora egin dute 2020. urtean. 2019ko Barometroan, online kanalaren bitartez egindako salmentak euskal txikizkako merkataritzaren sektoreak egindako salmenta guztien % 9,3 izan ziren batez beste, eta 2020an, berriz, salmenta guztien % 12,2 izan dira.

Pandemiak bultzatutako aldaketak

Pandemiaren ondorioz, kontsultatutako txikizkako hamar saltokitik bederatzik (% 91,3k) inbertsioak egin dituzte beren establezimenduan 2020. urtean, beren jarduera osasun-krisian egiteko prestatu nahian. Inbertsioen artean, gel hidroalkoholikoaren banagailuetan (% 97,7) eta desinfektatzeko eta garbitzeko material espezifikoetan (% 57,3) egindakoak izan dira nagusi euskal txikizkako merkataritzan. Era berean, gora egin dute metakrilatozko pantailetan edo antzekoetan eta salmenta-geletako bisitarien fluxuetarako beharrezkoak diren seinaleetan egindako inbertsioek.

2020ko Barometroak agerian jarri duenez, bisitarien eta bezeroen kopurua nabarmen jaitsi da arratsaldeko ordutegian, etxeratze-aginduaren eta kontsumitzaileen mugikortasun-murrizketen ondorioz. Aldi berean, goizeko ordutegiko bisiten kopurua % 59,2ra igo da 2020. urtean (3,9 puntuko igoera aurreko urteko Barometroarekin alderatuta). Astegunei dagokienez, euskal txikizkako merkataritza-establezimenduetara egindako bisita kopururik handieneko egunak astelehena eta ostirala izan dira. Gainerako astegunetan, portaera uniforme samarra izan da. Larunbateko bisitek egonkor jarraitu dute 2019ko Barometroarekin alderatuta (urte horretan, bisitek behera egin zuten).

ABEEEa, euskal merkataritzan enplegua babesteko tresna

  1. urtean, Euskadiko txikizkako lau saltokitik batek izan du norbait ABEEE batekin (guztien % 25,9k). Langileak ABEEE batekin izan dituzten saltokien tasarik handienak modaren, etxeko gaien eta txikizkako beste jarduera batzuen sektoreenak izan dira. Txikizkako merkataritzan ABEEE baten eraginpean egon diren pertsonen batezbestekoa 0,7 izan da establezimendu bakoitzeko, eta egoera horrek ezohiko tresna horri heldu dioten establezimenduetako plantillaren % 69 hartu du eraginpean, batez beste. Tresna hori ezinbestekoa izan da euskal merkataritza-sektoreko lanpostuei eusteko.