Donostiako Udalak 2,2 milioi aktibatu ditu merkataritza eta ostalaritzarako laguntza eta bonuetan

0

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, 2021eko PREK (Ekonomia Suspertzeko plana) planaren pakete berezi bat aktibatu du, guztira 2.250.000 euroko laguntzarekin, hiriko merkataritza eta ostalaritza sektoreentzat. . Erosketa bonuen kasuan, ekarpena milioi 1 eurokoa da 125.000 bonu saltzeko, eta horrek 2,5 milioi euroko diru sarrerak sortuko dizkio sektoreari. Gehieneko zenbatekoa 15.125 euro artera irits daiteke establezimendu bakoitzarentzat, establezimenduek beren eskura jarritako laguntza guztiak eskatzen dituzten kasuan: zuzeneko laguntzak, erosketa bonuak eta emakumeak eta 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzak. Datozen egunetan irekiko da epea establezimenduek erosketa bonuen sisteman parte hartzeko aukera izan dezaten.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garmendiak, hau adierazi zuen: “gure egitekoa da une honetan gehien behar duten sektoreei laguntza ematea, hiriko merkataritzari eta ostalaritzari, alegia. Laguntza hauekin, hiru helburu lortuko ditugu: jarduerari eustea, kontsumoa suspertzea eta enplegua sustatzea 45 urtetik gorako pertsonen kolektiboan. Baina, horrez gain, berriro ere Donostiako herritarren elkartasunari egiten diogu deia. Hain zuzen ere, herritarrek sentsibilitate berezia erakutsi dute kalterik gehien jasan dutenekiko, eta erosketa bonuak kontsumitu dituzte beren eskura jarri ditugunean”.