Euskadi Basque Country 2030 Agendaren laugarren jarraipen-txostena bidali dute Nazio Batuen Erakundera

0

Eusko Jaurlaritzak, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, 2030 Agendan egindako aurrerapenei buruzko laugarren txostena bidali du UNDESAra (Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia eta Gizarte Gaietako Sailera).

Jaurlaritzak 2017tik ebaluatu, egiaztatu eta zabaldu du Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzean egindako aurrerapena, elkarrizketa zuzena izanda Estatuan eta nazioartean.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak 2017an, 2018an eta 2019an ere egin zituen jarraipen-txostenak, eta Eusko Legebiltzarrera bidali zituen. Orain 2020ko borondatezko jarraipen-txostena (VRL, ingelesez Voluntary Local Review) egin du. Idazkaritzak Gobernu Programa betetzeko adierazle-sistema bat sortu zuen, eta horixe da adierazitako txosten egiteko oinarria.

 Euskadi Europako erreferente GJHen ezarpenean

GJHen ezarpenari buruzko Borondatezko Txostenen (VLR) Europako Gidaliburuak, Europako Batzordeko Berrikuntza Agentziak eginak, bere garaian aitortu zuen Euskadi aitzindaria izan dela GJHen ezarpenean. Horrela, aipatzen da Eusko Jaurlaritza dela 2017an Jarraipen Txosten bat argitaratu zuen estatuz azpiko lehenengo gobernua, eta Euskadi txosten gehien egin dituzten lurraldeen zerrendaren buruan jartzen du.

ELGAk ere egiten dio aipamena Euskadiri “Garapen jasangarriaren helburuen lurralde-ikuspegia” izeneko txosten estrategikoan, GJHak eskualdeetako politiketan txertatzeko egindako lanagatik, eta hiri eta eskualde aitzindarien jardunbide egokien adibide gisa aipatzen du. Horrez gainera, adierazten du Euskadi 2030 Agenda garatu duela administrazioaren gobernu-programa eta GJHekin lotutako politika sektorialak lerrokatzeko.

2030 Agenda eurenganatzean, estatuz azpiko erakundeak aktiboki joan dira 2030 Agenda euren tokiko esparruan txertatzen, eta GJHak herritarrengana hurbildu dituzte eta esparrua planifikaziorako eta exekuziorako tresna gisa erabili dute. Euskadiri dagokionez, leku gailena lortu du.

Jarraipenerako eta azterketarako mekanismoen baitan, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak “nazio mailan eta nazioz azpiko mailan egindako aurrerapenari buruzko aldian behingo azterketa inklusiboak egitea” sustatzen du. 2030 Agendaren 89. paragrafoan talde nagusiei eta interesa duten beste batzuei ( eskualdeetako eta tokiko agintariak barne direla) eskatzen zaie agenda inplementatzen laguntzeko egindako ekarpenaren berri emateko.

Eusko Jaurlaritzak jarraituko egingo du hartutako konpromisoen betetze-mailari buruzko urteko txostenak egiteko prozedurarekin. 2030 Agendarekin zerikusia duten politika publiko sektorialen garapena baloratzeaz gainera, ezarritako lehentasunen betetze-maila ere ebaluatuko du, bai eta Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarriaren Helburuekin lotuta gauzatutako ekintzak ere.