Poza Lizentziatuaren kalean gertatu ziren istiluetan emakume bat larri zauritu zuen botila ustez bota zuen gaztea atxilotu dute

0

Euskal taldeen arteko Kopako finalaren aurretik izandako istiluetan

Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo, apirilaren 3ko arratsaldean Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean pertsona talde batek sortu zituen desordena publikoetan emakume bat buruan jo zuen botila botatzea leporatuta. Herritarren laguntzak eta partikularrek aurkeztutako grabazioek erraztu dute lesioak eragin zituen eta orain atxilotu duten gaztea identifikatzeko polizia-ikerketa.

Istiluak euskal taldeen arteko Kopako finalaren egunean, apirilaren 3an, gertatu ziren. Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean jendetza pilatu zen eta ordena publikoa hausten hasi ziren, eta, besteak beste, edukiontziak gurutzatu zituzten eta objektuak bota zizkieten bertara agertu ziren Ertzaintzako baliabideei.

Istiluetan gazte batek bota zuen botilak lagunartean zegoen emakume bat jo zuen buruan. Zauritua konorterik gabe jausi zen lurrera, eta anbulantzian eraman zuten osasun-zentro batera. Bertan ospitaleratuta egon zen egun batzuetan.

Lesioen larritasuna zela eta, desordena publikoengatik eginbideak hasteaz gainera, Ertzaintzak beste atestatu bat instruitu zuen ustezko lesio-delitu larriagatik. Botila bota zuen pertsona identifikatzeko ikerketan irudi ugari, besteak beste, gertaeren eguneko herritarren bideoak eta grabazioak, ikusi dituzte.

Polizia frogaketa eta ikerketa burutu ondoren, Ertzaintzak atzo, astelehena, atxilotu zuen Barakaldon botila ustez bota zuen pertsona, lesio-delitua eta desordena publikoak leporatuta. Atxilotua epailearen esku utzi dute gaur.

Azkena atxilotu duten pertsona hau zenbatuta, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak guztira bost pertsona atxilotu dituzte apirilaren 3an Poza Lizentziatuaren kalean gertatu ziren istiluekin lotuta, eta beste hainbat pertsona ikertu dituzte desordena publikoengatik.