Euskadi Next Programak eskualdeko 9 Perte proiektu bideratu ditu

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin batera.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next 2021-2026 Programa eguneratzea onartu duela gaur. Programa horretan, eraldaketa ekonomikoaren aldeko apustu garbia jasotzen da, baita Euskal Autonomia Erkidegoak Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismotik —MRR— datozen Europako funtsen erabileran dituen sendotasunak sustatzearen aldekoa ere, eskualdeko bederatzi PERTE proiekturen bidez. Sailburuak argitu du euskal programa eguneratu dela aurtengo lehen hilabeteetan funtsen kudeaketarekin eta Europan, Espainian eta Euskadin duten gobernantzarekin zerikusia duten gaiak ezagutu direlako, eta horiek ezinbestean hartu behar dira kontuan programa bideratzerakoan.

Orain arte identifikatutako Estatuko PERTE proiektuekin lotura argia duten Euskadi Next programan aurreikusitako guztizko inbertsioak 5.085 milioi eurokoak dira, eta proposatutako 6 PERTEetatik 5etan sartzen dira.

Bestalde, EAEren planteamenduak eskualdeko PERTEAK proposatzen ditu, gainerako autonomia-erkidegoetara ere zabal daitekeena. “Proiektu konplexu estrategikoak eta eraldatzaileak hainbat «ministerio-leihatilatan» ez zatikatzeko bide bat eskaini nahi da”, esan du sailburuak. 6.400 M/€-ko inbertsioa duten proiektuak barne hartzen dituzten ESKUALDEKO 9 PERTE planteatzen ditu.

Azkenik, Administrazio Publikoen dirulaguntzen deialdietara edo indarrean dauden beste tresna batzuetara joz garatuko diren ekimenak, inbertsioak eta/edo proiektuak jasotzen dira. Azpiazu sailburuak azaldu duenez, formula hori izango da biderik garrantzitsuena funtsak eragile sozioekonomiko guztietara heltzeko.

Bere aldetik, Bingen Zupiria bozeramaileak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aurten ospatuko du 25 urte bete direla Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza sortu zenetik eta euskal erakundeek 35 urte eman dituztela Europar Batasuneko hiriburuan. Bruselakoa izan zen Eusko Jaurlaritzak atzerrian sortu zituen ordezkaritzetako lehena, eta mugarri bat izan zen Euskadiren nazioarteko ekintzan. Horrela, indartu egin zen bere erakundeen eta eragileen presentzia aktiboa erabaki komunitarioak hartzeko epizentroan. Urteen poderioz, Bruselako Ordezkaritza, batetik, “bandera-ontzi” bihurtu da Europar Batasunean euskal interesak defendatzeko; eta, bestetik, erreferente ere bihurtu da euskal eragileentzat, Europar Batasuneko erakunde eta organoekin dituen harreman ugarietan.

OSASUNA

Bestalde, Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta itxaropenerako arrazoiak ditugula azaldu du, “baina horrek prebentzio-neurriak aplikatzen eta zorrotz betetzen jarraitzera bultzatu behar gaitu, guztiok nahi ditugun balioak lortu arte”. «Pandemiak bere horretan jarraitzen du, eta zuhurrak izaten jarraitu behar dugu gure familia-, lan- eta gizarte-bizitzan», adierazi du.

Txertoari dagokionez, Sagardui sailburuak jakinarazi du joan den astean Osakidetzak 117.701 txerto eman zituela; beraz, euskal gizartearen % 43,9k gutxienez dosi bat du eta % 19,5ek Covid-19ren aurkako immunitaterik handiena lortu du. Berrikuntza gisa, esan du aste honetan Janssen erabili ahal izango dela 60 urtetik beherakoetan, txertaketa Estrategiaren eguneratze berriari esker, zazpigarrena, Osasun Publikoaren Batzordeak joan den astean egindako berrikuspenaren ostean.

Osasun sailburuak azaldu duenez, Osakidetzak hiru helburu ditu aste honetan: 70 eta 79 urte bitartekoen eta 60 eta 69 urte bitartekoen txertaketa amaitzea eta 50 eta 59 urte bitartekoekin hastea. «Une honetan, 70 urtetik gorakoei, txertorik ez badute, dei egiten zaie txertoa eskatzeko. Hala ere, gure barririk izan ez badute, beraien anbulategietara deitu dezakete dosia eskatuz «, azpimarratu du. Sagarduik jakitera eman duenez, 70 eta 79 urte bitarteko eta 60 eta 69 urte bitarteko kolektiboak oso aurreratuta daudenez, adin txikiagoko pertsonen txertaketari ekin ahal izan zaio. Zehazki, osasun-erakunde guztietan 59 urteko edo gutxiagoko pertsonak txertatzen ari dira.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK 

Gobernu Kontseiluak 2021-2024 aldirako Gasteizko Hiriburutzaren kanonari buruzko lankidetza-hitzarmena berritzea baimendu du gaur. Eusko Jaurlaritzak 40 milioi euro jarriko ditu Gasteizko udalaren esku datozen lau urteetan, 10 milioi euro urteko, Euskal Autonomia Erkidegoko hiruburu izateak sortzen dizkion hainbat gastu orokor eta inbertsio-gasturi aurre egin ahal izateko.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 100.000 euro bideratzea aurten emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta emakumeen talentua enpresetako zuzendaritza-organoetan sartzeko. Ekimen hori da Lan eta Enplegu Sailak aurtengo aurrekontuetan txertatu duen berrikuntzetako bat, lan-arloan gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko.

Ekonomia eta Ogasunari dagokionez, alde batetik, Gobernu Kontseiluak Espainiako Gobernuarekin sinatu beharreko hitzarmena onartu du, COVID-19ak eragindako sektoreei bideratutako 218 milioi euroko laguntza zuzenak kudeatzeko; laguntza hauek enpresa-kaudimena babesteko ezohiko neurrien barruan sartzen dira. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak aste honetan bertan sinatuko du akordioa, ekainean laguntzen deialdi publikoa egin ahal izateko. Azpiazu sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza laguntzen deialdiaren testua lantzen ari da, eta, bertan, jarduera ekonomiko berriak sartuko dira; horiek ere laguntzak jaso ahal izango dituzte pandemiak euren egoera ekonomikoan izan duen eraginaren arabera; halaber, indarrean dagoen aurrekontu propioko baliabideak jarriko ditu, eragindako sektoreei zuzeneko laguntzak handitzeko. Laguntza horiek kudeatzeko behar diren giza baliabideak emateko, Gobernu Kontseiluak, lan-poltsen bidez hautatutako 43 funtzionario kontratatzea onartu du.

Beste aldetik, Gobernu Kontseiluak 180 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura berri bat onartu du, egoera ahulean dauden eskualdeak edo lehentasunezko jarduera-eremuak bultzatzeko. Aurrekontu-izaerako neurri hori 2020-2024 aldirako Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko BERPIZTU programan sartutako ezohiko jarduera esanguratsu baten ondorio da, eta Eusko Jaurlaritzak horren berri eman zion programa horren Zuzendaritza Batzordeari joan den martxoaren 10eko bileran.

Hezkuntza sailak proposatuta, gaurko Gobernu Kontseiluak hainbat diru-laguntza onartu ditu, besteak beste, 11,5 milioi euroko gastua onartu da, Vitoria-Gasteizen Aldaialde Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearen (CEIP Aldaialde HLHI) eraikin berria egiteko lanak burutzeko.

Halaber, Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, datozen bi ikasturteetan (2021-2022 eta 2022-2023) hezkidetza landu eta genero-indarkeria prebenitu ahal izateko jarduera-proiektuak garatzeko deia egiten duen Agindua, Euskadiko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeetarako.

Osasunari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak osasuneko ikerketa- eta garapen-proiektuen laguntzetarako 2021eko deialdia onetsi du; 5,6 milioi euroko aurrekontua du. Sagardui sailburuak azaldu duenez, partida hori bi bloke nagusitan banatzen da. Batetik, 3.150.000 €, Osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzeko eta Osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzeko lerroko proiektuetarako, eta, bestetik, 2.500.000 €, Osasuneko ikerketa estrategikoa sustatzeko lerroko eta Interes bereziko ekintza osagarrien lerroko proiektuetarako.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaur eman die oniritzia Elkarrekin Bonuen programan jasotako hiru dirulaguntza-lerroen aurtengo deialdiei, eta guztira 600.000 euro izango dira.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak bere gaurko bileran kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onartu duela. Musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteen arloan antolatutako jaialdiak dira diruz lagunduko direnak. Kultur ekoizpena gizarte osoaren eskura jartzeko helburuarekin Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 350.000 euro bideratuko ditu laguntzetara.

Gainera, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatutako museo eta bildumentzako diru-laguntzak onartu ditu gaur. 1.000.000 euroko partida izango da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena