Gasteizko Aldaialde ikastetxe publikoaren eraikin berria egiteko 11,5 milioi euro

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran adostu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 11.520.676,73 euroko gastua onartzea, Vitoria-Gasteizen Aldaialde Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearen (CEIP Aldaialde HLHI) eraikin berria egiteko lanak burutzeko.

Eraikin berria, Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru lerrokoa eta 720 ikasle ingururentzako gaitasuna izango duena, 14.192 metro koadroko orubean kokatuko da, Zabalganako 1 sektorean, Borinbizkarra deiturikoan, Ozeano Atlantikoa, Henry Morton Stanley eta Hans Christian Andersen kaleen artean. Hazten ari den Gasteizko gune bat da, azkenaldian etxebizitza-garapen garrantzitsua bizitzen ari dena.

Eraikuntza proiektuak jasotzen duenez, hiru solairuko eraikin nagusi bat izango du Aldaialde HLHI-k (behe solairua eta horren gainean eraikiriko beste bi). Eraikin nagusiaren alboetan jasoko dira, batetik, administrazio-eremua, beheko solairuan erantsitako hegal batean; eta bestetik, gimnasioa eta kirol-pista estalia, bolumen bakarreko eraikinean. Antolamendu horri esker, ondo bereiz daitezke ikasgelak eta eraikinaren gainerako erabilerak, eta argi eta garbi bereizita geldituko dira Haur Hezkuntzako eremua eta Lehen Hezkuntzakoa ere.

Eraikin nagusiaren konfigurazio linealari esker –iparraldetik hegoaldera doan lerro zuzen itxuran-, gela guztiak ekialdera, mendebaldera edo hegoaldera begira izango dira, bai ohiko ikasgelak eta baita aldi baterako erabilera duten gelak ere.

Kanpoaldean berdegune eta jolaserako espazio zabalak nabarmentzen dira. Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako jolastokiak bereizita ageri dira. Haur Hezkuntzako jolastokia zati batean estalia izango da, eta sarrera-irteera zuzena izango du beheko solairuan dauden geletatik.

Orotara 5.598 metro koadroko azalera eraikia izango duen ikastetxe berrian, honako instalazio hauek dira nabarmentzekoak:

–         4 gela, 2 urteko umeentzat

–         9 gela, Haur Hezkuntzakoak (3,4,5 urte)

–         Lo-kuluxkarako gela

–         2 gela, psikomotrizitaterako

–         18 gela, Lehen Hezkuntzakoak

–         2 ingeles gela

–         Musika gela

–         Erabilera anitzeko gela

–         Informatika gela

–         Bikoizte gela

–         Laborategia

–         2 gela, talde-lanetarako

–         Liburutegia 135 m²

–         Gimnasioa, aldagelak eta kirol pista estalia, 921 m²

–         Jangela eta sukaldea 394 m²

–         Sarrerako aterpe nagusia 641 m²

–         Haur Hezkuntzarako aterpea 180 m²

Azalera eraikia orotara: 5.598,94 m²

Proiektuak 24 hilabeteko exekuzio-epea izango du, obrak hasten diren egunetik zenbatzen hasita. Hezkuntza Sailak lan hauek udazken amaieran esleitzea aurreikusten du, 2022aren hasieran lanei ekin ahal izateko.