Artolazabalek Euskadiko Adinekoen Batzordea, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak adinekoei zuzendutako politikak lantzeko sortua aurkeztu du

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak Euskadiko Adinekoen Batzordea aurkeztu du gaur Bilbon. Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko parte den batzorde honek adinekoei zuzendutako politikak landuko ditu. “Batzorde honek adinekoak ordezkatzen dituzten elkarteei ahotsa emango die, oinarritik abiatuta haiengan eragina duten politikak diseinatzeko”, azaldu du sailburuak berak.

Inma Sánchez eta Santi Larburu Euskadiko Adinekoen Batzordearen lehendakariek lagunduta, sailburuak adierazi du Open Government Partnership ekimenean oinarritutako kogobernantza eredu bat dela. Batzordeak ahotsa emango die adinekoak ordezkatzen dituzten elkarteei, eta, oinarritik abiatuta, haiengan eragina duten politikak diseinatuko ditu.

EAB 10 kidek osatzen dute: Euskofederpen federazioa ordezkatuko dutenak, eta hauek batzordeko lehendakariak izango dira (Santi Larburu eta Inma Sánchez), Lares elkarteko eta kide diren gainerako elkarte bakoitzeko (Agijupens, Nagusiak, Las Cuatro Torres, Helduak Adi, Secot, eta Nagusilan) ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako pertsonak.

Euskadiko Adinekoen Batzordea sortu da Eusko Jaurlaritzaren eskumen-esparruan adinekoei zuzendutako politikak orientatzeko, diseinatzeko, planifikatzeko eta/edo ebaluatzeko eta, aldi berean, ekimen bateratuak edo lankidetzakoak sustatzeko; besteak beste, honako gai hauekin lotutakoak:

  • Adinekoei buruzko pertzepzio soziala eta estigmari aurre egitea, adinekoen bizi-baldintzak hobetzea eta gizartean parte har dezaten bultzatzea.
  • Mendetasun-egoeran edo -arriskuan dauden adinekoen arreta hobetzea eta autonomia, bizitza betea eta talentua bizi-zikloaren fase eta eremu guztietan sustatzea, eta, horretarako, adinekoen belaunaldi guztien gaitasunak garatzeko bideak ematea eta euren laguntza-premiei pixkaka erantzutea hiru ardatzen inguruan: pertsonak, laguntzak eta ingurua.
  • Batez besteko bizi-itxaropena 85 urtera luzatzeko herrialdeko helburua betetzen laguntzea, bai eta desgaitasunik gabeko zahartzeari buruzkoa ere.

Artolazabalek balioetsi du Euskadiko Adinekoen Batzordea eratuta “adinekoengan eragin zuzena izango duten ekintzak,  Jaurlaritzak eta adinekoak ordezkatzen dituzten gizarte-erakundeek elkarlanean hausnartzeko eta lantzeko ekintzak, diseinatzeko gune bateratu bat” sortu dela.