Eusko Jaurlaritza datorren ikasturterako bere plangintza diseinatzen ari da

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean parte hartu du gaur arratsaldean, Autonomia Erkidegoak telematikoki bildu dituen bileran. Gai-zerrenda puntu bakarrekoa izan da: 2021-2022 ikasturtea planifikatzeko eta garatzeko aurreikuspenak.

Bileran, pandemiak Euskadiko ikastetxeetan izan duen bilakaeraren berri eman du Bildarratz sailburuak –aurrez aurreko jarduera etenda izan duten ikasgelen batez besteko ehunekoa azken hilabeteetan–, bai eta hartutako segurtasun eta higiene-neurrien berri ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako osasun-irizpideei jarraituz. Horren harira, Jokin Bildarratzek positibotzat jo du Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak bidalitako proposamenen dokumentua, eta bertan jasotako neurri batzuk Euskadin hartu beharreko erabakietan sar litezkeela iritzi dio. Nolanahi ere, Hezkuntza sailburuak azpimarratu du ikasturtea antolatzeko eskumen osoa Euskadiri dagokiola, are gehiago gaur egun Alarma Egoera bertan behera geratu denean. Bildarratzek ikasturte honetan ikastetxeek izan duten bilakaera nabarmendu du, izan ere, batez beste, ikasgelen % 99 baino gehiago irekita egon dira egunero. Sailburuak gaineratu duenez, hezkuntzako milaka profesionalen lanari eta konpromisoari esker lortu da emaitza hori, ikasleei eta familien inplikazioari esker.

Aurreko ikasturteko plangintzan bezala, Hezkuntza Saila lanean ari da – ikastetxeekin batera – hartu beharreko neurriak zehazten. Helburua da, hurrengo ikasturtean ere beharrezko segurtasun eta higiene-neurriak izatea, aurrez aurreko hezkuntza ahalik eta seguruena bermatu ahal izateko, egoera kontuan hartuta. Covid-19 agertu zenetik izan duten koordinazio-lanari eutsiz, Hezkuntza eta Osasun sailak aipatutako neurriak diseinatzeko lanean ari dira, hainbat agertoki eta jarduera kontuan hartuta. Pandemiaren bilakaeran gertatu ohi diren aldaketek zaildu egiten dute irailaren hasieran, ikasturtea hastean, zein egoera izango den zehatz-mehatz ezagutzea, baina, hala eta ere, Eusko Jaurlaritza lanean ari da hainbat egoerari erantzuteko.

Ikasturte honetarako plangintzan, Hezkuntza Sailak protokolo batzuk atondu zituen, ikastetxeek kontuan hartu eta aplikatu beharreko hainbat alderdi jasotzen zituztenak –ikastetxe bakoitzaren ezaugarrien araberakoak–, eta hiru eszenatoki desberdinetan oinarritzen zirenak: erabateko presentzialtasuna; aurrez aurrekoa eta telematikoa uztartzen zituena, eta erabat telematikoa.

Aipatutako hiru eszenatoki horietatik abiatuta, Hezkuntza Sailak ikasturte hasierako protokoloa eguneratzen jarraitzen du, eta erabaki horiek ahalik eta lasterren helaraziko zaizkio hezkuntza-komunitateari.