Bingen Zupiriak Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena gogoratu du

0

Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarraren jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatuko diren egitasmoak aurkeztu dira Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean eta bertan izan da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria. Ekitaldian honako hauek ere izan dira: Harkaitz Millan, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua; Maider Lainez, Andoaingo alkatea; Sagrario Ruiz, Andoaingo kultur zinegotzia, Alexander Huitzi, Andoaingo euskara zinegotzia, Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea; Kalixa Silanes, Hondarribiko kultur zinegotzia; Joxemari Sors, Elkar Fundazioko lehendakaria; Beatriz Zabalondo, Berria Taldeko lehendakaria; Garbiñe Ubeda, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria; Lorea Agirre, Jakineko zuzendaria; Joanmari Larrarte, Martin Ugalde Kultur Parkeko arduraduna eta Unai Ugalde, familiaren izenean.

Ekitaldian urtean zehar garatuko diren egitasmoak aurkeztu dira, bi helbururekin: batetik, Martin Ugalde gogora ekartzea; bestetik, urteurrena baliatu Ugalderen lana berriro azaleratzeko, erakutsi eta edonoren eskura jartzeko, pertsona ezagutzea bezain garrantzitsua baita hark egindako lan handia ezagutzea.

Prentsaurrekoan Bingen Zupiriak Martin Ugalderen askatasunaren aldeko lana eta ezberdinen arteko zubigintza nabarmendu ditu Anjel Lertxundiren hitzak bere eginez.