Eusko Label eta Euskal Baserri markekin identifikatutako patata kanpainaren balorazioa positiboa

0

2020ko kanpainan Araban 375 hektarea erabili ziren patata ekoizteko Eusko Label eta Euskal Baserri berme-markekin, eta horietatik 8.773 tona ontziratu dira. Hortaz, pataten % 69 Eusko Label markarekin etiketatu da, eta % 31 Euskal Baserri gisa. Guztira, aurreko kanpainarekin alderatuta, % 23 patata gehiago etiketatu da. Berme-marka duen patataren merkaturatzearen bilakaera historikoa, batez ere Eusko Labela duen patatarena, goranzkoa da. 2012tik 3.411 tona gehiago ontziratu dira, hau da, % 127 gehiago.

Kalitateari dagokionez uztaren hasiera egoera meteorologiko txarrak baldintzatu bazuen ere, azkenean errendimendu ona eta kalitate-parametro onak zituen produktua lortu ahal izan da.

Patataren ekoizpena urtarokoa da, eta tuberkulua uzta bildu ondoren kontserbatu egitenda  kontsumitzaileei ahalik eta kalitate handienarekin eskaini ahal izateko produktua martxora arte. Baina patata kontserbatzea ez da lan erraza, mikroorganismo patogenoak ernaltzea eta garatzea saihesten duten tratamendu fitosanitarioak saihestu nahi badira. Kalitatezko produktu bat merkaturatu ahal izateko, Eusko Label patataren ekoizle eta ontziratzaileek mimo berezia jartzen dute produktuaren ekoizpenean, hautaketan eta biltegiratzean. Nekazariek eguneko ordu beroetan tuberkulua biltzea saihesten dute, egunsentian biltzen dute patatak tenperatura jakin bat gaindi ez dezan, bestela ez litzateke Eusko Label patata bezala identifikatu ahal izango. Patata kontu handiarekin biltegiratu behar da, tenperatura gehiegi murriztu gabe eta azukreen metabolizazioa saihestu gabe, baina hezetasunaren eta tenperaturaren arteko oreka mantenduz, onddo eta bakterioen garapena saihesteko.

Ildo horretan, Eusko Labela duten Arabako patata-operadoreak ahalegin handia egiten ari dira patataren kontserbazio-sisteman «zero hondakin» dituen produktu bat izateko, antigerminatzaileak edo bestelako fitosanitarioak aplikatu gabe; sektorea ekoizpen-sistema jasangarrien ikerketan inbertitzen ari da, patatak uzta biltzen duenetik kontserbatu ondoren kontsumitzailearengana iristen den arte.

Azkenik, nabarmendu behar da komertzialki Eusko Label patata, Euskadiko eta inguruko saltokietan egoteaz gain, Espainiako estatuan ere ari dela indarra hartzen, bereziki Madrilen.

Eusko Labela duen patataren ezaugarriak

Klimari, lurrari eta tradizioan oinarritutako laboreari esker, gaur egun, Arabako Patata goi mailako kalitatezko elikagaitzat hartzen du kontsumitzaileak.

Eusko Labelek, ezarri diren kalitate-azterketak gainditzen dituzten patata motak soilik babesten ditu.

Ingurugiroarekiko errespetu osoz erein, hazi eta bildu ondoren, patatarik onenak hautatzen dira kontsumitzaileari elikagai osasungarria, homogeneoa eta kalitatezkoa eskaintzeko.

Nahiz eta Eusko Labela duen Arabako patata zorro mota ezberdinetan aurki daitekeen, badira bi erreferentzia denetan berdinak direnak eta erraz bereizten lagunduko digutenak: zorroaren kanpoaldean ageri den Eusko Label logotipoa eta barruan aurkituko dugun zenbakidun etiketa-ziurtagiria, elikagaiaren benetakotasuna bermatzen duen bakarra.

«Arabako Patata» kalitate-zigilua erabiltzeko goi-mailako kalitateari dagozkion baldintzak bete behar dira. Hau da, produktoreek eta teknikariek prestatutako araudian definitutako baldintzak. HAZI arduratzen da baldintza horiek kontrolatzeaz, laborantza, aukeraketa eta ontziratzea gainbegiratuz.