COVID-19rako txertoen patenteak aldi baterako etetearen aldeko euskal adierazpena

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gotzone Sagardui eta Beatriz Artolazabal sailburuak lagunduta, Covid19a txertoen patenteak aldi baterako etetearen aldeko Euskal Adierazpena irakurri du. Ekitaldian izan dira adiarazpena sinatu duten pertsona guztiak:David Noguera, Espainiako Mugarik Gabeko Medikuen presidentea; Esteban Beltrán, Amnistia Internazionaleko zuzendari nagusia; Beatriz Novales, Oxfam Intermon-eko Programa, Herritartasun eta Intzidentzia Saileko zuzendaria; Milagros López de Ocáriz, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidentea;Manuel García, Euskal Autonomia Erkidegoko Sendagileen Elkargoen Kontseiluko presidentea; Mª José García, Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidentea (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkargoen izenean); etaRicardo Franco, Bilboko Mediku Zientzien Akademiako presidentea.

Horrela esan du:

“Gure lurraldean –baita beste errealitate batzuetan ere– osasunaren aldeko apustua egitea euskal erakunde publikoen ardura eta zeregin iraunkorra izan da, baita gizartearena ere. Euskal herritarrek, gurean bizi diren atzerritarrek eta beste herrialde batzuetako herritarrek osasunerako sarbide orokorra izatea sustatzeko ekintza eta ekimenak garatzeko konpromisoan zehaztu da hori guztia.

Gaur egun, azkenaldiko historiako osasun publikoaren arloko larrialdi latzenetako baten aurrean gaude. 3,5 milioitik gora lagunek galdu dute jada bizia mundu osoan. Munduko ekonomiak bilioika dolar gal ditzake immunizazio-tasak ez badu mundu osoan bizkor gora egiten. Osasun-sistema nazional asko kolapsotik hurbil daude, ekonomia osoak menpean hartuta daude eta milioika lagunen bizibidea dago jokoan.

COVID-19ak erakutsi digu ezin dela pandemia gainditu munduko txoko guztietatik desagerrarazten ez dugun bitartean. Ildo horretan, COVAX-AMC deitutako COVID-19 Txertoetarako Sarbide Globaleko Funtsarentzako baliabide ekonomikoen zuzkidura batekin indartu da aurten Eusko Jaurlaritzaren konpromiso iraunkorra. Haatik, ekintza gehiago behar dira, eta ekintza horietako bat txertoen fabrikazioa eta eskuragarritasuna modu urgentean eta esponentzialean gehitzea da, baita txertoen banaketa bidezkoa bermatzea ere, eta horrek ezagutza, datuak, baliabideak eta jabetza intelektuala modu zabalean partekatzea eskatzen du, batez ere diru-sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrialdeekin.

Zenbait herrialdek –hala nola Indiak eta Hego Afrikak– patenteen salbuespen bat eskatu zuten iazko urrian, COVID-19aren diagnostikoarekin eta tratamenduarekin lotutako txerto, botika eta produktu sanitarioen jabetza intelektuala eta haiei buruzko ezagutza ahalbidetuko zuena. Gaur egun, Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusiak eta 100dik gora estatu-gobernuk Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualeko Alderdiei buruzko Akordioetan bildutako betebehar jakin batzuen salbuespen aldi baterakoa eta puntuala babesten dute. Jabetza intelektualak sortutako oligopolioak saihestuko lirateke ekimen horrekin eta jarduteko askatasuna sustatuko litzateke, mundu osoan COVID-19rako txertoen prestutasuna, irisgarritasuna eta eskuragarritasuna gehituko duen lankidetza ahalbidetuz.

Osasunaren Mundu Erakundeak, Jabetza Intelektualaren Akordioei buruzko Kontseiluak eta G7ak beren agendetan gai hori barne hartuta duten testuinguru batean, ondoren sinatzen dutenak COVID-19ari lotutako txertoetarako eta beste erreminta mediko batzuetarako patenteen salbuespen aldi baterakoaren eta puntualaren alde daude, eta bide hori babesten dute. Babes horren oinarria zera da, beharrezkotzat jotzen dela mundu osoan lankidetzan aritzea txertoak kopuru nahikoan garatu eta fabrikatzea, eta mundu osoan garaiz eta modu inklusiboan banatzeko saihestu ditzaketen eragozpenak desagerrarazteko. Eta osasunaren aldeko apustuak ziurtatu egin behar duelako jabetza intelektualeko eskubideek ez diotela ezein herrialderi eskubide hori baliatzea eragotziko”.

Adierazpena egin ondoren, Lehendakaria ordezkari guztiekin bildu da.