Ertzaintza txertoaren bigarren dosia jartzen hasiko da ostegunean

0

Izaskun Urien Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak Ertzaintzaren Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordearen ezohiko bilera batera deitu ditu gaur lan-arriskuen prebentzioko ordezkariak. Bilera horretan jakinaraziko die Jaurlaritzak ostegunean ekingo diola agenteak COVID-19aren aurka babesteko eta inmunizatzeko txertoa jartzeko bigarren faseari.

Osakidetzak aste honetan bertan jarriko ditu Segurtasun Sailaren eskuetan Pfizer laborategiaren lehenengo dosiak. Lehenengo 600 dosiak izango dira, eta Erandioko, Oiartzungo eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzako, Arkauteko, osasun-instalazioetan jarriko dituzte Segurtasun Saileko osasun-langileek.

Bigarren fase honetan plantilla guztiari jarriko zaio txertoa:

  • Bigarren dosia jarriko zaie AstraZenecaren txertoaren lehenengo dosia hartu zuten 5.815 agenteri eta Akademiako 694 ikasleri (Ertzaintzako agente izateko nahiz udaltzaingoetako agente izateko ikasleak), eta ostegunetik aurrera, beraz, Pfizer txertoaren bigarren dosia jarriko zaie, osasun-agintariek gomendatzen duten bezala.
  • Ezarritako osasun-protokoloetan sartu gabe zeudelako (esate baterako, azken sei hilabeteetan Covid-19a pasatu zutelako) lehenengo dosia jarri ez zitzaien gainerako agenteak txertatzen hasiko dira.

Ertzaintzaren txertaketa osatzeko deia lehenengo dosia jarri zenean jarraitutako ordena bera lehenetsiz egingo da.

BAIMEN INFORMATUA

Ertzaintzaren plantillako pertsonaren batek edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ikasleren batek ez badu Pfizer markako bigarren dosia hartu nahi, Osakidetzak haien esku jarriko duen baimen informatu bat sinatu beharko du eta horretarako prestatutako zerrendara pasatuko da, gainerako kolektiboetan egingo den bezala.