Corrugados eta Iberlyzer-ren inguruan Eusko Jaurlaritzak baieztatu du «gure esku zegoen guztia egin dugu, dagozkigun eskumenen baitan»

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera.

Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak «Iberlyzer»ren ez etorrera eta Corrugados ez irekitzearen iragarkien inguruko balorazioa egin du. Arantxa Tapiak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak «gure esku zegoen guztia egin du, dagozkigun eskumenen baitan» Corrugados eta Iberlyzerren inguruan. «Gobernuak bi erabakiak deitoratu besterik ezin du egin, nahiz eta errealitate eta arrazoi desberdinei erantzun», adierazi du.

Arantxa Tapia sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak itsas arrantzarekin eta akuikulturarekin erabateko lotura edo lotura partziala duten jarduerak eta sektorean ari diren pertsonen errentak hobetzen edo osatzen dituzten jarduerak, hala nola, turismo arrantza, arrantza erakustaldiak eta arrantza edo itsas turismoa, arautuko dituen dekretua onartu duela. Tapiaren arabera, helburua da ondarea zabaltzea, produktuei balio handiagoa ematea, arrantza teknikak zabaltzea eta dinamizazio ekonomikoa sustatzea.

Era berean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Eusko Jaurlaritzaren jarrera jakinarazi du, Estatuko aisialdiko itsas arrantzaren Errege Dekretuari dagokionez. Tapia sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du Errege Dekretua konpartitzen eta Ministerioan azalpenak eskatu ditu aisialdirako barkuetan arrantza murrizketen arrazoiak zeintzuk diren ezagutzeko. “Une honetan, hegaluzearen biomasa osasuntsu agertzen da eta arrantza jarduera profesionala bermatuta dagoenean, ez gatoz bat erabaki honekin”, gaineratu du.

Bingen Zupiria bozeramaileak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuari Euskadiko identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemei buruzko erregelamenduaren zenbait arau indargabetzeko eskatu diola. Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren ustez, sektore publikoaren jardun eta funtzionamendu elektronikoa  arautzen dituen  2021ko 203/Errege Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak urratzen ditu, batez ere, herritarrek administrazio publikoekin dituzten harreman telematikoetan erabili beharreko identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemei dagozkien aginduetan, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren aldez aurretiko baimena exijitzen dutelako, Barne Ministerioaren aldez aurretiko txosten loteslea egin ondoren. Hori dela eta, gaur goizeko Gobernu Kontseiluak erabaki du Espainiako Gobernuari eskatzea aitor dezala eskumenik eza eta arau-atal horiek alda ditzala, eta, hori ontzat ematen ez badu, Zerbitzu Juridiko Zentralei baimena eman die Konstituzio Auzitegian eskumen-gatazka positiboa aurkezteko.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak bekak iragarri ditu 2020-2021 ikasturtean Pasaiako Itsas eta arrantzako Prestakuntza Zentroan eta Bermeoko eta Ondarroako Itsas eta arrantzako lanbide prestakuntzarako eskoletan ikasteko. Tapia sailburuak azaldu duenez, beketara 140.000 euro baino gehiago bideratu dira -eskatzaile bakoitzari gehienez 2.400 euro esleituko zaizkio-, eta beken helburua da ikasleei laguntzea, ohiko bizilekutik kanpo bizitzeko, ikastetxera joan-etorriak egiteko, mantenurako eta ikasteko materialerako egin beharreko gastuak ordaintzen.

Hezkuntza arloan, gaurko Gobernu Kontseiluak itunpeko ikastetxeei zuzendutako deialdia onartu du, 2021-2022 ikasturtean kudeatuko dituzten hezkuntza bereziko unitateak zehazteko. Guztira 37,4 milioi euro izango dira.

Gaurko kontseiluak, gainera, 526.000 euroko diru-laguntza eskaintzea erabaki du, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, 2021-2022 ikasturterako eskaintza partzialeko modalitatean heziketa-zikloak diruz laguntzeko. Hau da, curriculuma hobetu nahi duten 18 urtez gorako ikasleek modulu edo irakasgai solteetan matrikulatzeko aukera izan dezaten, ikasgai horietara nahitaez joan beharra izan arren, ikasketak beste lanbide-jarduera batzuekin uztartzeko aukerarekin.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak 295.000 euro bideratzea onartu du, 2020an baino % 25,5 gehiago, 63 eta 64 urte bete dituztelako, edo legez aitortutako ezintasun baten ondorioz 2021ean jarduera utzi behar izan duten pertsona- edo merkantzia- garraiolariei zuzendutako laguntza-programetara.

Osasun-arloari dagokionez, eutanasiaren arloko «Berme eta Ebaluazio Batzordea» sortzeko dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak, eutanasiarako eskubidea arautzen duen martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa betetzen dela bermatzeko. Osasun sailburuak azaldu duenez, haren eginkizun nagusia izango da eskubide berri hori eskatzen duten pertsonei eta haien mediku arduradunei eutanasia egin ahal izateko baimena ematea, baldintzak betetzen direla eta legeak gaixoarekin behartzen dituen eztabaida-saioak egin direla egiaztatu ondoren.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du gaur goizeko Gobernu Kontseiluak 1.100.000 euro bideratu dituela Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako bibliografia-funtsak hornitzera edo berritzera.

Horrez gainera, 350.000 euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Euskal Kultur Ondarearen zuzendaritzak liburutegi publikoetan teknologia berriak ezarri edo garatzeko ekimenetara.

Eta, amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 160.000 euro bideratuko ditu aurten eta 2022an Euskal Kultur Ondarearen babesera bideratutako ikerkuntza-lanak sustatu eta laguntzeko.

Prentsa-txostena