Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei zuzendutako txostenaren helburu nagusia, haurren sexu-abusu eta sexu-esplotazio kasuetan esku-hartze eraginkorra bermatzea da, betiere biktimaren babesa eta kaltearen erreparazioa kontuan hartuta.
Ildo horretan, Arartekoak bi ideia nagusi aurkeztu ditu. Lehenengoaren arabera, erabakiak hartzeko orduan bigarren biktimizazioa ekiditen saiatu behar da, eta bigarrengoaren arabera, biktima diren haur eta nerabe guztiek kaltea konpontzeko tratamendua jasotzeko aukera izan behar dute.
Sexu-abusu eta sexu-esplotazio kasuetarako jarraibide batzuk finkatzeaz gain, Arartekoak inplikatutako euskal administrazio publikoentzako gomendio batzuk ere zehaztu ditu. Alde batetik, «Euskadin haurren eta nerabeen sexu-abusu eta sexu-esplotazio kasuetan jarduteko jarraibideak» izenekoan finkatutako neurriak aplikatzea gomendatzen du, eta, bestetik, erakunde bakoitzaren eskumen-eremuan jarraibideak zabaltzea eta jarduera- eta prozedura-ereduak jarraibide horietara egokitzea. Gainera, dagokion esparruko profesionalen prestakuntza eta espezializazioa sustatzeko eskatu die Arartekoak erakundeei. Azkenik, hartu diren neurrien jarraipena eta ebaluazioa egiteko eskatzen zaie. Justizia Administrazioari dagokionez, jarraibide hauek bere ohiko prozeduran ezartzeko eskatu zaio.