Euskadik eta Argentinako Kordoba probintziak lankidetza teknikoko topaketa batzuk egin zituzten industriari buruz

0

Euskadik, SPRI Taldearen eskutik, maiatzean zehar egindako sei topaketetan, industria adimenduna sustatzeko kudeaketa instituzionalean izandako esperientzia partekatu zuen Argentinako Cordoba probintziako gobernuarekin. Truke-mahaien gaiak honako hauek izan ziren: industria-kudeaketa, klusterizazioa, 4.0 industria, ekintzailetasuna, ekonomia zirkularra eta parkeak, industrialdeak eta parke robotikoak.

Bilera horien helburua izan zen Euskadiko ordezkariek Cordobako taldeari industria adimendunari laguntzeko politika publikoetan izandako esperientzien berri ematea, maiatzaren 12an (asteazkena) hasi eta 27an (osteguna) amaitu ziren sei bilera birtualetan. Jardunaldiak hasi ziren Aitor Cobanera SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendariarekin, zein aldi berean, topaketa guztien koordinatzaile eta bideratzaile izan baitzen, kudeaketa instituzional industrialari buruzko mahai batekin. Mahai horretan, eskualdeen garapena bultzatuko duten politika publikoak sustatzeko mekanismoak ezagutarazi ziren. Kluster-esperientziaren inguruko bileran, arrakasta-ereduak erakutsi ziren, nola funtzionatzen duen, etengabeko bilakaera eta Euskadin arrakastatsuena izan den politika publiko hori denboran zehar mantentzea.

Eraldaketa digitalari buruzko hirugarren topaketan, Euskadiko industria adimendunaren erronkak eta kontuan hartu diren alderdi kritikoak partekatu ziren, baita erronka horiei aurre egiteko I+G estrategia ere.

Ziurgabetasuna izendatzaile komuna izan den pandemia-testuinguru honetan, nazioartekotzeak eta ekintzailetzak funtsezko eginkizuna dute suspertzearen eragile gisa, eta horixe izan zen laugarren topaketaren gaia. SPRIk azaldu zuen nola jartzen diren eskura berrikuntzan, ekintzailetzan eta barne-ekintzailetzan laguntzeko programak, haien premien araberako laguntza integralaren bidez, merkatuan arrakastaz abian jarri, hazi eta finkatu ahal izateko. Bosgarren topaketan Ekonomia Zirkularreko euskal esperientziari buruzko azalpenak eman zituena José María Fernández Alcalá izan zen, Ekonomia Zirkularreko zuzendaria IHOBEn. Euskadiren ekarpena 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren, haren helburuen eta kudeaketaren ingurukoa izan zen, Cordobako probintziak bere eskualde-garapenerako funtsezkotzat jo zuen eremu batean.

Azken bileran, SPRILUReko Partaidetza eta Proiektuen zuzendari Aitor Cobanerak eta Mikel Oregik Euskadiko industrialde eta parke teknologikoak zertan datzan eta nola kudeatzen diren azaldu zuten.

Mahaietan parte hartu zuten Cordobako eskualdeko ordezkariak hauek izan ziren: David Urreta, Eskualdeko Integrazioko idazkariordea; Federico Sedevich, Teknologia Berrien eta Ezagutzaren Ekonomiaren idazkaria; Fernando Sibilla, Industriako idazkaria; Elizabeth Bianchi, Laneko idazkaria; Juan Pablo Ingleses, Merkataritzako idazkaria eta ETEak; Gabriel

Raya, Artikulazio Zientifikoko idazkaria; Alexandra Barbero, Industria Parkeen Sustapen Ministerioko Zuzendariordea; eta Yendebel, Enpleguko Ekonomia Sustapeneko idazkaria; eta Enpleguko zuzendari Nagusia, eta Enplegua Sustatzeko zuzendari Nagusia. Euskadik harreman luzea du Argentinako Cordoba probintziarekin, eta, 2020ko otsailean David Urreta Eskualde Integrazioko idazkariordeak Euskadira egindako bisitaren ondoren, lankidetza tekniko handi baten lehen urratsak eman ziren; lankidetza industrialari buruzko mahaiak ez ezik, beste ekimen batzuk ere jaso ziren, hala nola Atlantikoaren bi aldeetako unibertsitateen arteko harremanak.

165.321 km2-ko azalerarekin eta 3.3 milioi biztanleko biztanleriarekin, Argentinako BPGren % 10 da Cordoba, eta eskualde-ekonomia dibertsifikatuenetako bat. Nekazaritza elikagaien ekoizle nagusia, probintzia da herrialdeko esneki, mani (kakahuate), arto eta sorgo ekoizle handiena. Soja, gari eta txerrien bigarren ekoizlea da, eta behien hirugarrena. Probintzian, nekazaritzako elikagaien 1.500 industria baino gehiago daude, baina ekoizpenerako materialen ekoizpenagatik eta sektore metalmekanikoagatik ere nabarmentzen da. Latinoamerikako hezkuntza-polorik garrantzitsuenetako bat da, ezagutzan oinarritutako zerbitzuen sektorean nagusitasun handia duena, eta teknologia informatikoaren arloan I+G arloan garatzen ari den kluster teknologiko bat. Cordobako softwarearen industriak 500 enpresa ditu probintzian, 15 herrialde baino gehiagotara esportatzen dute eta 13 mila lanpostu sortzen dituzte. Argentinako bigarren hiririk garrantzitsuena da eta euskal etxeak ditu Cordobako hirian, Villa Maria eta Rio Cuarton.