Hurrengo denboraldiko bainu-eremuak eta hondartzak irekitzeko osasun-irizpideak

0
PRUEBA

Hondartzak eta bainu-eremuak aisiarako eta astialdirako lekuak dira, eta pertsona ugarik bisitatzen dituzte, uda-sasoian. Hala ere, COVID-19agatiko pandemiaren egungo osasun-egoerak baldintzatu egiten du espazio horien erabiltzaileen ohiko jokabidea. Eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hondartza eta bainu-eremuen erabilera arduratsua egitea eta SARS-CoV-2ren transmisioa murriztuko duten prebentzio-neurriak aplikatzea. Hori dela eta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak hondartzaren kudeaketan inplikatuta dauden agente eta erakundeei SARS-CoV-2ren transmisio-arriskua gutxituko duten kontingentzia-planak prestatzeko bide emateko gida eguneratu du.

SARS-CoV-2 hondartza, erreka, aintzira eta igerilekuetan transmititzeko bide nagusia arnas jariakinak dira; horiek eztularekin eta doministikuekin eta pertsonen arteko kontaktuarekin sortzen dira. SARS-CoV-2 aisiarako jardueretan bainurako baldintza estandarrak dituen urarekin kontaktuan egotearen ondorioz kutsatzea, berriz, zaila dela ondorioztatu da. Beraz, Lehendakariaren maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuarekin (SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzkoa) bat etorriz, gidak gogorarazten du erabilera komuneko espazioetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela (aldagelak, komunak), bai eta hondartza eta bainu-eremuetan egiten diren joan-etorri eta paseoetan ere. Hala ere, ez da maskararik erabili behar izango hondartza eta igerilekuetan bainua hartu bitartean eta espazio zehatz batean egon bitartean, betiere erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzerik badago.

Gidak edukian nabarmentzen duenez, herritarren eginkizun aktiboa eta arduratsua funtsezkoa da hondartzen erabilera egokirako, eta hartu beharreko prebentzio-neurrien gaineko komunikazioa eta sentsibilizazioa sendotzeko beharra azpimarratu du. Gainera, gomendio edo aholku nagusi batzuk zehaztu ditu, besteak beste: gizarte-urruntzea mantentzea; hondartzan egonaldi laburragoak planifikatzea, ahalik eta jende-kopuru handienak erabili ahal izateko; adingabeak zaintzea; hondartzan ezar daitezkeen erabilera-baldintza berrien gainean jakitun egotea eta neurri horiei jarraitzea, eta salbamenduko eta sorospeneko zerbitzuen gomendioei jarraitzea.

Era berean, dokumentuan urruntze soziala sustatzeko neurri kolektiboak deskribatzen dira, hondartzetako ekipamendu eta zerbitzuak erabiltzeko baldintza gomendagarriak zehazten dira –esaterako, komunak, aldagelak, dutxak eta oinak garbitzekoak, hamakak…– eta garbitasuneko eta desinfekzioko neurriei buruzko orientazioa ematen du.

2021eko denboraldian, aurreko denboraldietan bezala, Osasun Sailak bainu-eremuetako osasun-zaintzaren programa jarriko du abian; programak uraren kalitatearen kontrol analitikoa barne hartzen du, araudian adierazitako parametro eta maiztasunekin, eta, gainera, aparteko egoeretan, hondartza-ingurunearen egoera higieniko-sanitarioaren zaintza eta herritarrei emaitzen berri ematea.