Bultzada berria Quebec eta Euskadiren arteko aldebiko harremanei

0

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Myriam Larroulet  Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Quebeceko Kultura eta Komunikazio ministroarekin eta Montarvilleko Parlamentuko kide den Nathalie Royrekin bildu dira, bide telematikoz, gaur arratsaldean. Isabelle Dessureault Quebeceko Bulegoko zuzendaria izan da ministroarekin batera.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, topaketak Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak Quebeceko kultura-administrazioarekin dituzten harremanak “suspertzeko balio izan du”, alde biko harremanei eta kultura-trukerako topaketaren antolakuntzari bultzada berri bat emateko. Hala, 2021 honetako bigarren seihilekoan eta 2022an zehar, Season Québec-Pays Basque joan-etorriko egitasmoaren bitartez, euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekiko zaio, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakutsiko da, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea helburu.

Sailburuak gogorarazi duenez, «Quebecen eta Euskadiren arteko harreman instituzional eta kulturalek tradizio finkatua dute, eta 2017ko Protokolo d’entente (MOU) delakoan islatu zen. Protokolo hori UNESCO Konbentzioak sustatzen duen kultura-adierazpenen aniztasuna sustatzeko sinatu zen bi administrazioen artean, beren hizkuntza-politiketarako interes komuneko gaietan jardunbide egokiak trukatzeko eta gai ekonomikoetan elkarri laguntzeko, nazioarteko partzuergoekin harremanetan eta ezagutzekin lotutako gaietan».

Era berean, Zupiriak nabarmendu du gaurko bileran Quebeceko ministroarekin “lehen harremana izateko” balio izan diela, eta, batez ere, “erantzukizun politiko eta administratiboko gure esparruetatik” Quebec-Euskadi 2020-2021 kultura-lankidetzako programaren antolaketari “behin betiko bultzada emateko”. Sailburuak gaineratu du pandemiaren ondorioz programa hori 2021-2022ra “ezinbestean atzeratu” behar izan dela, baina “oso garrantzitsua” dela euskal eta Quebeceko sortzaileen arteko “kultura-trukea gauzatzeko».

Season Quebec Pays Basque

Eusko Jaurlaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren azken helburua da dagoeneko garatzen ari ziren aldebiko harremanen eta lankidetzaren erritmoa berreskuratzea, aurtengo bigarren seihilekotik aurrera, behin betiko, hainbat emanaldi eta jarduera abian jarri ahal izateko hainbat arlotan, hala nola literaturan, dantzan, antzerkian, ikus-entzunezko ekoizpenean, musikan eta arte plastikoetan, bi komunitateetako erakunde, eragile eta artisten parte-hartzearekin.

Gaurko topaketak balio izan du Season Québec-Pays Basque programaren nondik norakoei bultzada berri bat emateko. Quebeceko eta Euskadiko hiri nagusietan burutuko den programa kultural eta artistiko honek bi lan ildo nagusi ditu: batetik hainbat kultur eragileren edukien trukaketa eta ekitaldi, jaialdi eta azoketako programazioak zehaztea; bestetik eragileen arteko lankidetza eta nazioarteko proiektuetan parte hartzea.

Kultur lankidetzak

Etxepare Euskal Institutuak 2019an ekin zion Euskadi Basque Country estrategian jasotzen diren lehentasunezko lurraldeekin kultur lankidetzarako marko bart sortu eta kultur programa bat garatzeari. Horren lehen emaitza izan zen 2019 Scotland Goes Basque ekimena: 2019 urtean zehar Euskara eta Euskal kultura Eskozian zabaltzeko asmoz antolatu zen kultur programa.

2020rako jomuga Quebecen jarri zen, 2017an Eusko Jaurlaritzak eta Quebeceko gobernuak sinatutako Protocole d’entente MOUari jarriki. Quebec, Eskozia bezala, Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiak estrategikotzat duen lurraldeen artean dago.

Etxepare Institutuak sustatutako egitasmoak kultur eragileen eta sortzaileen arteko lankidetza sustatu nahi du. Izan ere, 30etik gora dira hitzordu ezberdinetan elkarlanean ari diren euskal eta quebectar eragileak. Horien artean daude EIZIE, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Dantzagunea, Dantzaz Konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak edo Bitamine Faktoria, euskaldunen artean.

Hala, datozen hilabeteotan Saison Québec-Pays Basque leihoaren bitartez martxan jarriko diren proiektuen artean daude: Itzultzaile Berriak – Nouveaux Traducteurs, Université LAVAL / Mintegia: “La voix des autres – Besteen ahotsa”, Ecole de Danse Montreal / Dantza Sorkuntza Egonaldia eta beste asko. Batzuk, osasun egoerak horretarako aukera eskaintzen badu, presentzialak izango dira. Beste batzuk aldiz, online egingo dira.

Aurten bertan, joan den martxoan, zinema-ziklo bat egin zen Tabakalerako Kulturgunean – Season Québec-Pays Basque –, eta bertan izan zen Isabelle Dessureault Quebeceko Bartzelonako bulegoko zuzendaria.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak sustatuta, bi aldiz deitu dira Quebeceko Eskualdearekiko lankidetza teknikoko proiektuetarako laguntzak, Euskadirako Eskualde Estrategikoen Sarearekiko aldebiko harremanak sendotzeko esparru eta helburu orokorragoaren barruan.

Hala ere, azpimarratzekoa da Season Quebec Pays Basque programa 2020. urtean garatzea bazen ere ekimen gehienak mantendu eta ez galtzea lortu dela eta 2021. honetako bigarren seihilekoan eta 2022. urtean egingo direla.