Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak irakurzaletasuna sustatzeko 330.000 euro bideratuko ditu

0

Gobernu Kontseiluak irakurzaletasuna eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako zerbitzuen erabilera sustatzeko diru-laguntzak onartu ditu gaur. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 330.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegien arloan eskumenak dituzten udalei eta administrazio publikoei zuzenduta daude.

Partida honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagunduko ditu 2021eko ekitaldian egiten diren jarduerak, baldin eta helburua irakurketa sustatzea bada, bereziki, haurren eta gazteen artean, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan liburutegi- eta kultura-hedapeneko jarduerak sustatzea bada. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat, liburuekiko zaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura errazago bereganatzen dira haurtzaroan eta gaztaroan, eta, horregatik, lehentasunezkoa da herritar mota horien beharrei bereziki erantzutea. Honako ekintza hauek lagunduko dira diruz:

  • Irakurketa sustatzearen arloan profesionalak berariaz prestatzera bideratutako jarduerak.
  • Irakurketa-jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak, etab.).
  • Liburuen bibliografia-erakusketak, solasaldiak eta abar antolatzea.
  • Literatura-lehiaketak antolatzea.
  • Liburuak eta liburutegiak sustatzeko kanpainak.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2020an 147 udalek jaso zituzten irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko diru-laguntzak.