Muskizko institutuaren eraikin berria egiteko 9,9 milioi euro

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak hala proposatuta, 9.961.885,54 euroko gastua egitea, Muskiz Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (IES Muskiz BHI) eraikin berria egiteko, Bizkaiko udalerri horretan.

Guztira, 4.262 metro koadroko azalera eraikia izango dute hezkuntzako instalazio berriek, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4 lerro eta Batxilergoko 2 izango ditu; guztira, 520 ikasle hartzeko gaitasuna izango du eraikin berriak.

Egurrez eraikia

Muskizko institutu berria eraikin trinko gisa eraikiko da, eta oinplanoan “T” forma izango du. Baina eraikinaren ezaugarri nagusia egituran dago, bai eta eraikitzeko erabiliko dituen eraikuntza-baliabide ugarietan eta arkitektura-estrategietan ere, ahalik eta energia-efizientzia handiena lortzeko helburuarekin.

Eraikin berriak egurrezko panel kontralaminatuen bidez osatutako egitura izango du, ingurumenarekiko errespetuaren aldeko eta eraikina erabiliko duten pertsonen erosotasunaren eta osasunaren aldeko apustua egiten duen sistema. Honako ezaugarri hauek ditu sistema honek, besteak beste:

  • Bioeraikuntza: egurrak inguruneko hezetasuna erregulatzen du, aireko substantzia kaltegarriak xurgatzen ditu eta energia estatikoa eta atmosferara igortzen den CO2a nabarmen murrizten ditu. Hala, espazio garbiak eta atseginak sortzen ditu, ikastetxe batean nahi den girorako aproposak.
  • Isolamendu termiko eta akustiko ona: egurrak zarataren indargabetze akustiko onak izateko aukera ematen du (airekoa eta inpaktukoa), eta soinu-absortzioaren koefiziente altua du.
  • Eraikuntzarako denbora laburrak: murriztu egiten dira obrarako denborak eta horrek, ondorioz, eraikuntzako kostuak murriztea ere badakar.
  • Balio ekologiko handia: fabrikaziorako erabilitako lehengaiak zaintza-katea bermatzen duten baso-ustiapen ekologikoetatik datoz. Gainera, egurrak karbonoa biltzen du eraikinetan, atmosferara igorri beharrean; energiaren eta klimaren balantze positiboa duen eraikuntzako material bakarra da.

Passivhaus estandarra

Muskiz BHI munduan hedatuen dagoen eta onartuena den energia-efizientziako eraikuntza-estandar bati jarraikiz altxatuko da: Passivhaus estandarra. Isolamendu termiko handia, infiltrazio-kontrol zorrotza eta barneko airearen kalitaterik onena duten eraikuntzak altxatzean datza; gainera, eguzkiaren energia aprobetxatzen du, klimatizazio hoberako. Horrek guztiak nabarmen murrizten du energiaren kontsumoa.

Horretarako Muskiz BHIk sistema pasiboak eta aktiboak erabiliko ditu. Energia-efizientziarako sistema pasiboen artean, honako hauek nabarmentzen dira: isolamendu termiko etengabea inguratzaile termiko osoan; kalitateko leihoak, edo zubi termikoak ezabatzea.

Sistema aktibo gisa, institutuak aireztapen mekanikoa izango du, beroaren berreskuragailuarekin. Sistema hau bi zirkuituk eratzen dute: batean, aire freskoa sartzen da kanpotik, eta, bestean, barneko aire kutsatua irteten da. Aireztapen modu horrek % 80tik gora aprobetxatzen du barneko aire kutsatuak garraiatzen duen beroa, kanporatu aurretik.

Obretan, eraikin berria eraikitzeko orubean dagoen eta gaur egun erabiltzen ez den Haur Hezkuntzako eraikina eraitsiko da. Proiektua egiteko 18 hileko epea egongo da, obrak hasten direnetik zenbatzen hasita. Hezkuntza Sailak obrak 2022. urtearen hasieran hastea aurreikusten du.