Tranbia Zabalganara eramateko trazadura adostu dute Eusko Jaurlaritzak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak

0

Egungo proiektuan gauzatzen da Vitoria-Gasteizko tranbia-sistema Zabalganara hedatzeko eta auzo hori hiriaren erdialdearekin tranbiaz lotzeko asmoa —abiadura handiko trenaren trenbidea lurperatzeak libre utzitako espazioan barrena— eta tranbia bihurtuko da korridore horren elementu egituratzaile. Nolanahi ere, Vitoria-Gasteizerako trenbide-sarbide berria lurperatzeak baldintzatzen du aurreikusitako konponbidea eta gaur egungo sarearekiko konexioa. Hori dela eta, tranbiaren proiektuaren garapenean eta finantzaketan parte hartzen duten hiru erakundeek, Eusko Jaurlaritzak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, ingurune hiriko erdialdearekin lotzeko beste aukera batzuk ere aztertu dituzte, eta aukera horiek ez daude proiektu honetan zehaztutako epeen mende.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan egin duten agerraldian, adostutako trazaduraren alternatibak aurkeztu dituzte. Trazadura hori San Martin auzoan barrena hedatzen da eta Vitoria-Gasteizko erdialdearekin lotzeko bi aukera hartzen ditu aintzat Lovaina ingurunean, baita beste bi aukera ere Zabalgana auzoarekin lotzeko.

Euskal Trenbide Sareak —Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko erakunde publikoak— joan den astean adjudikatu zuen proiektuaren zati berritzaileari buruzko informazio-azterketaren eguneratzea, Lovaina ingurunearen eta Zabalgana hiribidearen arteko tartearen trazadura behin betiko zehatz dadin. Puntu horretatik aurrera eta trazaduraren gainerakorako, baliagarria da Zabalganara Jundizko eta Mariturriko adarretatik iristea aurreikusten zuen aurreko azterketa. Aldi berean, tranbiaren kotxetegien kokalekuari buruzko informazio-azterketa tramitatzen jarraituko da. Bi kokagune aztertzen ari dira, bat Aretxabaleta inguruan eta bestea Salburua auzoan.

Informazio-azterketa

Adjudikatutako azterketak hiri-integrazioaren ikuspuntutik aztertu beharko du egungo trazadurarekin konektatzeko aukera emango duen modalitate arteko geralekua, baita egungo egoerarekin bateragarria den eta Zabalgana hirigunearekin lotzen duen ustiapenik egokiena ere.

Azterketa horretan aztergai izango dira, halaber, eraginpean dauden hiri-elementuen birkokapena (autobusen eta taxien geralekuak, zama-lanetarako eremuak, aparkalekuak, edukiontziak, eta abar), oinezkoentzako ibilbideen analisia eta trafikoaren doikuntzak eta desbideratzeak, betiere ustiapen faseetan.

Hedapena ez da sei kilometrotik gorakoa izango, tranbia-bide bikoitzean. Lovainarekin konektatu ostean, trazadura jarraitzeko bi aukera daude, Ama Vedruna kalean barrena edo Adriano VI.aren kalean barrena bideratzea, Abendaño, Díaz de Olano margolariaren eta Teodoro Dublang margolariaren kaleetatik jarraitzeko. Hemen aukera dago, batetik, zuzen jarraitzeko edo, bestetik, Pedro Asua kalerantz biratzeko eta Kalkutako Teresa kalearen eta Mediterraneoaren hiribidearen arteko elkargunearekin konektatzeko.

Puntu horretan, bat egingo luke aurreko informazio-azterketarekin. Azterketa horrek definitzen du Zabalgana etorbidean zeharreko ibilbidea, gero, bitan banatuko litzatekeena: batetik, Nazio Batuen hiribidera egingo luke, Mariturri bulebarreraino; eta, bestetik, Zabalgana etorbidetik jarraituko luke Giza Eskubideen hiribideraino, eta Iruña-Veleia hiribidean barrena jarraituz, Sofia Erreginaren hiribidearen eta Mariturri bulebarraren arteko elkarguneraino.

Informazio-azterketaren eguneratze horren ondoren, berriro ere jarriko da proiektua jendaurrean, herritarrek proiektua kontsultatu eta bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

Tranbia Zabalganaraino hedatzea baliagarria izango da Vitoria-Gasteizko hiri-kohesioa indartzeko eta, aldi berean, hiriko mugikortasun jasangarria errazteko, auzo hori erdialdearekin eta ahalmen handiko beste garraio publiko batzuekin lotuz, hala nola tranbiaren gainerako lineekin eta BEI bus elektriko adimentsuarekin.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak hiru erakundeek lortutako akordioaren garrantzia nabarmendu du, aukera emango baitu tranbia Zabalgana auzora, hau da, Gasteizko auzo jendetsu eta gazteenetako batera arrazoizko epe batean eramateko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizko mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa nabarmendu du. Denboran luzatzen den inbertsio jarraitua du, 2027. urtera arte hitzartuta dagoena, tranbiaren azpiegiturarako eta BEI bus elektriko adimentsurako. 300 milioi eurotik gorako inbertsioa da.

Inbertsio-ahalegin horri urtez urte eusteko borondate irmoa dugu, eta, Salburuako lanak amaitu ondoren, Zabalganako lanei ekin ahal izateko borondatea, Vitoria-Gasteizko auzoak elkarrekin eta auzo horiek erdialdearekin lotuko dituen garraio publiko efizientea eta erosoa lortze aldera” erantsi du.

Bestalde, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak Salburuarekin eta Zabalganarekin hartu zuen konpromisoa gogorarazi du, tranbia bi auzo horietara eramateko eta kalitateko garraiobide moderno, elektriko, jasangarri horrek hiriaren erdialdearekin konektatzeko hartutako konpromisoa hain zuzen ere. “Salburuako auzokoek tranbia beren auzora iristeko lanak aurreratuta ikusten dituzten bezalaxe, Zabalganako auzokoek ere ziur egon behar dute, alkate naizen aldetik, gainerako euskal erakundeekin etengabe lanean jarraituko dudala tranbia haien auzora iritsi arte. Gaur, beraz, urrats irmoa egin dugu helburu utziezin hori lortzeko bidean” eman du aditzera.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak gogorarazi du Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizekin eta jasangarritasunarekin duen konpromiso bikoitza, eta nabarmendu du Foru Aldundiak jasangarritasuna eta mugikortasuna lotzen dituzten proiektu guztietan parte-hartzen duela. “Parte hartu genuen tranbia abian jartzeko prozesuan eta hegoalderantz Salburuara hedatzeko lanetan; orain, Zabalganakoan ere parte hartuko dugu, BEI bus elektriko adimentsuarekin egiten ari garen bezalaxe”, adierazi du. Era berean, ziurtatu du “Vitoria-Gasteiz Green Capital hiriak ereduzkoa izan behar duela mugikortasun jasangarriari eta deskarbonizatuari dagokionez. Etorkizuneko mugikortasuna da, eta mugikortasun hori lortuko badugu, lan handia egin beharko dugu energia berriztagarrien sorreran. Horixe da Arabako Foru Aldundiaren erronka eta konpromisoa”, adierazi du, azkenik baterako lanaren eta erakundeen arteko akordioen garrantzia nabarmenduz.