Euskadik bere espazioa indartzearen alde egin du Urkulluk «Osasunerako irtenbideen fabrikazioan»

0

Lehendakariak adierazi du Euskadik bere espazioa indartu dezakeela eta indartu behar duela «osasunerako irtenbideen fabrikazioan» eta adibide gisa jarri du VIVEbiotech euskal enpresa -bektore biralak fabrikatzen ditu enpresa horrek-, enpresaren instalazio berriak inauguratzean.

Adierazi duenez, txertoen arloko egungo nazioarteko estrategiak agerian utzi du ikerketa bultzatzea bezain beharrezkoa dela berezko ekoizpen-gaitasuna izatea; horregatik, «etorkizuneko oinarrizko sektore» baten abangoardian -hau da, osasunaren abangoardian- aurrera egiten jarraitzearen aldeko apustua egin du.

Urkulluk adibidetzat jarri du VIVEbiotech enpresa, azken bost urteetan puntako merkatu lehiakor batean duen posizioa sendotu duen enpresa traktorea, eta jarduera garatzerakoan enpresak dituen «konpromiso etikoa eta zintzotasuna» nabarmendu ditu.

Hitzaldiaren beste une batean, Lehendakariak lankidetza publiko-pribatuaren euskal eredua defendatu du, inbertsiorako eta berrikuntzarako Euskadi «erakargarria» izan dadin. Esan duenez, ziklo-aldaketa positiboa ikusten da une honetan, eta horren isla dira industria-ekoizpenaren % 12ko hazkundea, esportazioen % 9koa eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren gorakada, urte beteko beherakadaren ondoren.

Azkenik, Iñigo Urkulluk aitortu du Euskadirako estrategikoa den sektore batek     -biozientzien eta bioteknologiaren sektoreak, alegia- gaitasun itzela duela balioa emateko, eta, aldi berean, Euskadiko Osasun Klusterraren zeregin “dinamizatzaile eta eragilea” baloratu du.