EAE-ko aurrekontuek inbertsio-plan handia barne hartuko dute, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarekin batera.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak 2022ko EAEko aurrekontu orokorrak prestatzeko aurrekontu-jarraibideak aurkeztu ditu, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko asmoa duten jarraibideak. Azpiazuk azaldu duenez, horretarako, inbertsio-plan handia diseinatu eta abiaraziko da, 2023ra arte dagoen aurrekaririk gabeko aukera-leihoa aprobetxatzeko. “Inbertsio publikoa 2022ko aurrekontuaren ezaugarria da”, adierazi du. Ildo horretan, esan du inbertsio publikoa izango dela datozen urteotarako apustu handiak sustatuko dituena eta hiru trantsizio handiei erabakitasunez eta bermez heldu ahal izateko aukera emango duena: trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziala eta osasun-arlokoa.

Ekonomia eta Ogasun sailburuaren arabera, 2022ko aurrekontuek Covid-19aren ondoriozko krisi-egoerari eta ondorio ekonomiko eta sozialei egin behar diete aurre, baita gobernu-ekintzaren helburu nagusiei erantzun ere. Zentzu honetan, Pedro Azpiazu sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak egoera ekonomiko egonkorra duela, pandemiaren aurreko urteetan gauzatu den finantza-estrategiaren ondorioz, eta, gainera, 2020ko irailaren 30ean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan aldebiko akordioak egin zirela Estatuarekin, baliabide guztiak han adostutako kopuruetan erabiltzeko aukera emateko. Gainera, horrekin batera, beste ardatzetako bat genero-ikuspegi globala izango dela azpimarratu du.

ETXEBIZITZA HUTSEN DEKRETUA

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak onartu egin duela etxebizitza hutsen dekretu berria, Euskadiko Etxebizitza Legeak garatzen duena, etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko. Horrela, Arriola sailburuak azaldu du Dekretuak etxebizitza bat hutsik dagoela adierazteko prozedura ezartzen duela, eta aurrerantzean etxebizitza horiek alokatzeko edo erosteko mobiliza daitezen sustatzeko zer neurri hartuko diren jasotzen duela, besteak beste, bizitegi hutsetarako urteko kanona. “Etxebizitza bat hutsik dagoela deklaratzen bada, metro karratuko 10 euroko kanona ezarriko da eta urtero ordaindu beharko da”, gaineratu du Arriolak. Gainera, Dekretuak etxebizitza huts bat nahitaezko alokairuan jartzeko aukera aurreikusten du, soilik etxebizitza-eskaera handia eta premia egiaztatua duten eremu gisa deklaratutako guneetan.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskadiko Hauteskunde Batzordea osatuko duten pertsonen izendapen berriak. Izendapen horiek EAEANko lehendakaritzan izandako aldaketak eragin ditu, eta hemendik aurrera, beraz, Euskadiko Hauteskunde Batzordeko lehendakaria Iñaki Subijana izango da.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak, gaur, 2021. urterako salgaien eta bidaiarien errepidezko garraio publikoaren sektorean teknologia berrietako eta segurtasuneko sistemak ezartzeko laguntza-programa onartu du.

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak unibertsitatez besteko ikasleen guraso elkarteen Federazio eta Konfederazioentzako dirulaguntzetarako deialdia onartu du. Deialdi honek 350.000 euroko diru kopurua du orotara.

Beste alde batetik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak 700.000 euroko diru partida bat onartu duela gaur, iaz baino 260.000 euro gehiago, 2021ean egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan, nazioarteko esparrua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen kategoria absolutuko liga estataletan euskal kirolarien parte-hartzea sustatzeko.