Gaur goizean Emakundek bultzatzen duen Nahiko hezkidetza-programaren azken edizioa (2019-2021) baloratzeko bilera egin da. Bertan, Institutuko zuzendariak, Izaskun Landaidak, eskerrak eman dizkie ikastetxeei azken bi ikasturteetan programa aplikatzeko egindako ahaleginagatik, Covid19k sortutako pandemiaren ondoriozko egoera berezia kontuan hartuta.
Nahiko programaren azken edizioaren balorazioa positiboa izan da, 49 ikastetxek, 305 ikasgelak, 364 irakaslek eta 6.000 ikasle inguruk parte hartu baitute.
Nahiko hezkidetza-programak 18 urte bete ditu, eta denbora horretan Lehen Hezkuntzako ziklo guztietako 20.000 haur inguru igaro dira programa horretatik. Programaren helburua haurrek berdintasunarekin, errespetuarekin eta indarkeriarik ezarekin lotutako balioak ikastea da, baita balio horiek eguneroko gauza txikietara, hautuetara eta eguneroko portaeretara eramateak duen garrantzia ere.
Programarekin bat egiten duten ikastetxeek bi ikasturtetan lantzeko konpromisoa hartzen dute. Programak material didaktikoak erabiltzen ditu (jolasak eta ipuinak), irakasleen prestakuntza eta ikasleen eta familien sentsibilizazioa sustatzen ditu.