Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zenbat fitxa didaktiko argitaratu ditu, eta fitxa horiek elikagai osasungarriei buruzko ezagutza eta horiek osasunean duten garrantziaren inguruko kontzientziazioa areagotzeko material eta jarduerak dituzte, eskola-adinean elikadura osasungarria sustatzeko.
Bilduma horrek ikasleen hezkuntza-ingurunearen eskura jarriko ditu 47 fitxa, zenbait irakasgaitan erraz integra daitezkeenak eta edozein eskola-eremutan garatu edo familian 2 eta 18 urte bitarteko umeek eta gazteek balia ditzaketenak. Fitxa didaktikoak Euskadiko ikastetxe publiko, itundu eta pribatu guztietan banatuko dira, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoko bigarren mailara arte.
Argitalpen hori “Eskola Jantoki Osasungarriak” proiektuaren barruan sartzen da, eta hura Osasun Sailaren “Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenen Plana”ren barruan. Elikadura faktore erabakigarria da osasunean, eta zenbait gaixotasun prebenitzen edo haiek jasateko arriskua areagotzen lagun dezake. Elikadura-ohiturak haurtzarotik eta nerabezarotik finkatzen direla kontuan hartuta, aldi horretan eremu pedagogikoan lan egin behar da, elikadura osasungarriak duen garrantziaren inguruko ezagutza, kontzientziazioa eta motibazioa finkatzeko, epe luzera ezar dadin. Programa horren testuinguruan, Osasu Sailak argitaratu zuen, 2020an, eskola-adinean elikadura osasungarria izateko gomendioen gida bat, elikadura-ohitura osasungarriak sortzen eta finkatzen laguntzeko.
Jardueren fitxak hasi dira dagoeneko ikastetxeetan banatzen; fitxetan, horiek erabiltzeko adin, maila eta gairik egokienak zein diren azaltzen da, nola garatu behar diren, zenbat denbora eskaini behar zaien edo erabiltzeko maiztasuna zein den, non aplikatu beharko liratekeen (ikasgela, jantokia, etxea…), zer giza baliabide eta material behar diren, haien eraginkortasuna balioesteko adierazleak eta haien erabilera errazteko informazio gehigarria (bibliografia, laguntzarako materiala, aurretiko esperientziak…). Honako hauen ezagutza eta kontsumoa hobetzeko fitxak daude: fruitua, barazkiak, fruitua + barazkia, arraina eta informazio orokorreko beste batzuk.
Material hori Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailen, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta ikastetxeetako irakasleen eta jantokiko monitoreen arduradunen arteko elkarlanaren bidez sortu da; diziplina anitzeko ikuspegi horren bidez, osasunaren eta pedagogiaren arloko ikuspuntuak eman zaizkio. Era berean, lan guztia Berritzegune Nagusiko (Hezkuntza Sailaren prestakuntzarako eta hezkuntzaren berrikuntzarako laguntza-zentroa) hezkuntzaren berrikuntzako adituek berrikusi dute.
Eskuragarri daude hemen material guztiaren kopia elektrikoak eta interes gehieneko fitxetara errazago sartzeko bilaketa-indizea: