COVID-19a duten pazienteak plasmarekin artatzera zuzendutako europako ikerketa batean parte hartzen du Euskadik

0

Osakidetzaren Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak 2,8 milioi euro jaso ditu Europako Batzordetik, ikerketa hori iparraldeko zonan koordina dezan

Euskadik COVID-19aren inguruko Europako ikerketa-proiektu batean parte hartzen du. Ikerketa horren bidez aztertu nahi da COVID-19a pasa duten emaileen plasma-infusioak zer eraginkortasun klinikoa duen COVID-19a duten pazienteen tratamenduan. Europako Batzordeak 2,8 milioi euro eman dizkio proiektu horretarako Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroari. Proiektu horretan, Europako 150 bat ikerketa- eta transfusio-zentrok hartzen dute parte.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak oso positibotzat jo du albiste hori, Euskadik urtetan ikerketaren alde egin duen apustua islatzen duen heinean. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa aspalditik ari da plasma ateratzen, eta, Europatik jasotako funts horren zenbatekoari esker, zentroak ekipamenduen, ondasunen eta zerbitzuen arloan egiten duen inbertsioa handitu ahal izango du, eta, hartara, plasma ateratzeko, jasotzeko, biltegiratzeko eta banatzeko ahalmen handiagoa izango du.

ZERTAN DATZA PROGRAMA?

Programa hori datza antigorputz maila handia duten Sars-cov-2ko gaixondoko emaileak detektatzean eta erakartzean, antigorputz horiek pazienteei transfusio bidez transferi dakizkien infekzioaren lehenengo egunetan. Orain arte lortutako emaitzen arabera, antigorputz-kontzentrazio handia duen  plasma-transfusio goiztiarra da pazienteen heriotza-tasa murrizteko eraginkorrena. Hori dela eta, ahalik eta plasma-emate gehien lortu beharko da, pazienteentzako antigorputz-maila handiko plasmaren hornidura berma dadin.

Pandemia hasi zenetik, Osakidetzak, beste ikerketa-zentro batzuek bezalaxe, zenbait saiakuntza kliniko eta behaketa-azterketa jarri zituen abian, infektatutako pazienteak COVID-19a gainditu duten pazienteetatik jasotako plasmarekin artatzeko aukera aztertze aldera eta horen inpaktu klinikoa ebaluatze aldera. Plasma da, aspalditik, zenbait gaixotasun infekziosoren, hala nola tetanosaren edo B hepatitisaren, kontrako antigorputzak sortzeko iturria. Gainera, gaixotasun askoren tratamenduan funtsezko botikak lortzeko erabiltzen da.

PLASMA EMATEAREN DATUAK

Orain arte, Euskadin, milaka emaile eta paziente gaixondoko aztertu dira emaile posible gisa, eta 700 pertsona inguru jo dira plasma emateko egoki, COVID-19aren aurkako kalitate handiko antigorputz kopuru handia izateagatik. Horri esker, infekzioaren fase goiztiarretan arriskua duten pazienteak artatzeko erabil daitezkeen 2.500 dosi inguru lortu dira.

Gotzone Sagardui sailburuak azpimarratu duenez, “plasma lortzea ez da pandemia honetarako behar puntual eta mugatua; aitzitik, plasma ematea ezinbestekoa da osasun-sistemarentzat. Odola ematea bezain garrantzitsua da”. Europako Erkidegoa, oro har, defizitarioa da plasmatik eratorritako produktuetan, eta produktu horiek lortzea, hein handi batean, beste herrialde batzuen mende dago, batez ere Estatu Batuen mende.

Euskal Autonomia Erkidegoan aspalditik ari dira plasma ematen, eta, beraz, erreferentea da arlo horretan. Nolanahi ere, plasmatik eratorritako sendagaien eskaria gero eta handiagoa denez gero, behar-beharrezkoa da emaileen kopurua beste 10.000 emailerekin gehitzea eta hiriguneetan plasma erraz emateko unitateak abian jartzea.