BIND 4.0ren 30 proiektu teknologiko disruptiboak aurkeztuko dituzte

0

BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformak “Open Innovation Showcase – The Best of BIND 4.0” ekitaldia egingo du –urtero antolatu ohi duena–, aurten, uztailaren 6an eta 7an. Ekitaldi horretan, hautatutako 30 startup-ek eta partner diren enpresa handiek bosgarren edizioaren esparruan elkarrekin garatu dituzten 4.0 industriako proiektu teknologiko disruptibo berriak ezagutaraziko dituzte. BIND 4.0 industria adimenduneko ekimen publiko eta pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRI taldearen bidez sortu duena.

“Open Innovation Showcase” modu telematikoan egingo da; hots, proposamen teknologikoak streaming konexio bidez aurkeztuko dira eta networking-a interesa duten parte-hartzaileen arteko harreman eta elkarreragineko aplikazio baten bidez sustatuko da.

Topaketa birtual horretan, Gauzen Internetean (Internet of Things, IoT), Big Datan, Errealitate Birtualean edo Errealitate Areagotuan teknologia disruptiboak ezarri diren kasu arrakastatsuak erakutsiko dira, industria, energia, osasuna eta elikadura sektoreei aplikatu zaizkienak. Startup parte-hartzaileen eta partner diren enpresen –hala nola, Mercedes-Benz, Ferrovial Servicios, Siemens Gamesa, Iberdrola, Eroski edo Unilever, besteak beste– zuzeneko esku-hartzen bidez aurkeztuko dira proiektuak.

Ekitaldia uztailaren 6ko goizeko 10.00etan hasiko da. Lehenengo eta behin, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik ongietorria egingo die parte-hartzaile guztiei. Ondoren, kasu arrakastatsuak aurkeztuko dituzte startup-ek eta partner diren enpresek, 12.00ak arte. Aldi berean, arratsaldeko seiak arte, networking-a izango da, ekitaldian bilduko direnek eta horretan izena ematen dutenek startup-en zuzeneko atzipena izan dezaten, haien enpresen lehiakortasuna nola areagotu eta eraldaketa digitalari nola ekin jakin dezaten.

Bigarren jaurdunaldian, uztailaren 7an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumenaren sailburu Arantxa Tapiak emango dio amaiera ekitaldiari, Euskadiko ekintzailetza politikaren ildo estrategikoak markatuz eta Europan aitzindaria den programa honen funtsezko rola nabarmenduz. Aurretik, Estíbaliz Hernáez Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, hurrengo BIND 4.0 seigarren edizioko, ezaugarri eta berrien berri emango du.

Hala nahi duten guztientzat, BIND 4.0en erakusketa birtuala ere izango da, non konponbide teknologiko guztiak ikusgai egongo diren eta kasu arrakastatsuez gehiago jakiteko aukera egongo den. Konponbide horiek, azken teknologiez baliatuta, prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko garatu dira. Halaber, erakustaldi horiek kategoria teknologikoen arabera sailkatuta egongo dira, errazago atzitu daitezen.