Urkulluk berretsi egin du I+G inbertsioak handitzeko, ETEetan berrikuntza sustatzeko, emakumeen presentzia zientzia-esparruetan areagotzeko eta STEAM prestakuntza indartzeko konpromisoa

0
PRUEBA

Lehendakariak Innobasqueren, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, Biltzar Nagusiari hasiera eman dio, gaur goizean. Bertan, 2030ean Euskadi berrikuntzan lider diren europar lurraldeen artean kokatzea bilatzen duen 2021‑2024 Plan Estrategikoa aurkeztu dute Innobasqueko Manuel Salaverria presidenteak eta Leire Bilbao zuzendari nagusiak; hain zuzen, ekintzara bideratutako ibilbide‑orri berri honen lerro nagusiak aipatu dituzte: euskal ETEen berrikuntza sustatzea, euskal I+G+Baren nazioartekotzea bultzatzea eta gazteen artean STEAM Hezkuntza sustatzea. Plan horrek 2030rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP) ezarritako helburuak betetzen lagunduko du.

Gasteizko Vital eraikinera bertaratu dira Innobasqueko presidenteordeak: Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko presidentea; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; eta Nuria Gisbert, CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusia. Honako hauek ere bertaratu dira: Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria; eta Innobasqueko Batzorde Betearazleko kideak.

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk Ikerketarako eta Garapenerako inbertsioak handitzeko, enpresa txiki eta ertainetara berrikuntza zabaltzeko, emakume presentzia esparru zientifiko-teknologikoetan areagotzeko, eta STEAM prestakuntza indartzeko konpromisoak berretsi ditu.  «Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza tresna eraginkorrak dira aurrean ditugun erronka nagusiak konpontzeko. Gure erronka da garapen ekonomiko eta sozial orekatua eta iraunkorra bermatzea», azpimarratu du.

Era berean, lehendakariak azpimarratu du Covid-ak sortutako krisiak aukera bat irekitzen duela: » Indarrak elkartzea dagokigu, trantsizio global hirukoitzari ekiteko: teknologikoa eta digitalari; energetikoa eta ekologikoari; soziala eta sanitarioari».

COVID‑19aren osteko testuinguru berde eta digitalean, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Plan Estrategikoak lan‑arlo berriak hartzen ditu barne, emaitzengana bideratuagoa dago eta 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuei ekarpen handiagoa egitea du xede. Horizonte Europa eta NextGenerationEU programen esparruan, ibilbide‑orri honek euskal enpresen sarearen, eta bereziki ETEen, berrikuntza bultzatzeko ahalegina jartzen du erdigunean. Tresna horren helburua da esfortzuak eta sinergiak batzea gainontzeko eragile pribatu eta publikoekin I+G+Baren aldeko euskal apustuan elkarrekin aitzindari izateko.

Plan Estrategikoaren ikurritza  “Ezina, ekinez egina” da eta sei helburu nagusi ditu, bi bloketan banatuta: Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sistemak gauzatzeke dituen erronkekin lerrokatutakoak eta izaera instrumentala dutenak. Gobernantza errazteko aginte‑taula bat hartzen du barne, deskribatzen dituen ekintzen jarraipen eta ebaluazio egokia lortze aldera, etengabe neurtuta helburu estrategikoei lotutako adierazleak, lau urteetan zehar.