ELA, LAB eta CC.OO. sindikatuek enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruzko negoziazioa uzteko hartutako erabakia deitoratu du Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuak mahaitik altxatu dira gaur Lakuan (Gasteiz) izan den Mahai Orokorraren bileran, Gobernuaren proposamena jaso eta berehala. Sindikatu batzuek erakutsitako inmobilismoaren aurrean (UGTk ez du planto egin), Jaurlaritzak bere asmoari eusten dio eta euskal Administrazioko bitartekotasun tasa altua konponbidean jartzeko lanean jarraituko du. Sindikatu batzuek erakutsi duten inmobilismoaren aurrean, Gobernuak martxan jarraituko du eta bere ibilbide-orriari eutsiko dio. «Ezin dugu behin-behinekotasunaren arazoa betikotzen jarraitu; Gobernuaren jarrera argia izan da Legegintzaldiaren hasieratik«, adierazi du Jose Maria Armentiak, Funtzio Publikoko Sailburuordeak. Nolanahi ere, Gobernuaren eta sindikatuen arteko elkarrizketari berriro heltzeko deia egin du.
Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoan behin-behinekotasuna murrizteko elkarrekin landu beharreko neurrien proposamena aurkeztu die sindikatuei, hori baita Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak legegintzaldi honetarako ezarritako helburu nagusietako bat. Jaurlaritzak hainbat neurri proposatu dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ordezkaritza duten gizarte eragileei langileen bitartekotasun tasa altuari aurre egiteko. Proposamena lan eskaintza publikoen hainbat deialdiren berehalako testuinguruan egiten da. Adibidez, datorren igandean, Hezkuntza arlorako 1.148 plazarako lan eskaintza egingo da eta aurrerago beste bi egingo dira, bat Osakidetzarako eta beste bat Administrazio Orokorrerako.
Gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza nagusian egindako bileran, Jose Maria Armentiaz gain, Jon Agirre Lan Harremanen Zuzendariak, Maite Iruretagoiena IVAPeko zuzendariak eta Mahai Orokorreko ordezkari sindikalek parte hartu dute. Foro horretan parte hartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsonei buruzko negoziazio kolektiboan dauden zentral sindikalek.
Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko elkarrekin landu beharreko neurrien proposamena aurkeztu die sindikatuei, izan ere hau baita Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak legegintzaldi honetarako ezarritako helburu nagusietako bat. Jaurlaritzak hainbat neurri planteatu dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ordezkaritza duten gizarte eragileei langileen bitartekotasun handiari aurre egiteko.
Eusko Jaurlaritzako arduradunek egoera horretatik ateratzeko proposamenak egiten jarraitzeko asmoa azaldu diete gizarte-eragileei, eta Funtzio Publikotik egindako proposamenak baztertzeko arrazoi zehatzak azaltzera behartu dituzte. Halaber, analisi eta diagnostiko partekatu bat egitera gonbidatu dituzte, langileen datu errealei buruzko argazki erreal bat izateko. Zentzu horretan, sindikatuek bitartekotasun tasari buruz dituzten datuak errefusatu dituzte, kasu askotan eskaini ezin den bitartekotasuna barne. Armentia sailburuordeak argitu duenez, «Eragile sozialek erabiltzen dituzten kopuruek nabarmen gainditzen dituzte Eusko Jaurlaritzan erabiltzen diren behin-behinekotasun tasak».
Lehenengo neurri gisa, premiaz eta salbuespenez, finkatzeko hautaketa-prozesu bat deitzea proposatzen da. Prozesu hori urte honen amaieran hasiko da, eta izangaiak deialdia egin duen administrazioan duen esperientzia hartuko da kontuan. Prozesua Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan jasotako premisen arabera zehaztuko da, eta haren izapideak, Enplegu Publikoaren Lege Proiektuak bezala, ezarrita jarraitzen du.
Hautaketa-prozesuak irekiak izango dira eta oposizio-lehiaketa forma izango dute, lehia askea bermatuz eta berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak errespetatuz. Prozesu horiek indarrean dagoen esparru juridikoaren barruan egongo dira; beraz, prozesuen segurtasun juridikoa bermatuta egongo da, eta ez da tarterik egongo ziurgabetasun judizialetarako.