Gautenak Loiolabiden abian jarriko dituen azpiegiturak eta zerbitzuak ezagutzeko ate irekiak

0
Datorren astean irekiko ditu ateak Gautenak, autismoaren espektroko nahasmena duten pertsonen senideen elkarteak, Loiolabiden izango dituen azpiegitura berriak. Ireki aurretik, ordea, herritarrei azpiegiturak ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie. Horregatik, ostiralean, hilak 18, ate irekien saioak egingo dituzte. Goizean, 10:00etatik 12:00etara eta, arratsaldean,16:00etatik 18:00etara interesa duen orok izango du Gautenaren egoitza berriak ezagutzeko aukera.

Azpeitian egoitza berri hori izateko, Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gautenarekin izan da elkarlanean, azken urteotan. Hala, astelehenetik aurrera abian jarriko den azpiegiturak bi zerbitzu eskainiko ditu zehazki. Loiolabideko 65-67 portalen azpian, 500 metro koadroko eremuan, eguneko zentroa jarriko da. 81-83 portaletan, 500 metro koadro inguruko beste eremuan, alojamendurako eskaintza egokituko da. Astelehenean etxebizitzetara lehen bizilagunak etorriko dira bizitzera, eta pixkanaka-pixkanaka egokitzen doazen heinean joango dira bizilagun gehiago etortzen.