Jokin Bildarratz Araba Euskaraz jaiaren irekiera ekitaldian izan da

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua 2021eko Araba Euskaraz jaiari hasiera emateko ekitaldian izan da, Laudion. “Zabal bideak” leloarekin, Laudo Ikastolak antolatu du aurten Araba Euskaraz, pandemiak eskatzen dituen neurrietara egokituta.

Hitza hartu duelarik, hezkuntza komunitate osoari eskerrak eman nahi izan dizkio sailburuak. Amaitu berri den ikasturte honetan komunitate zabal horrek egindako lan eta ahaleginari esker aurrez aurrekoa bermatuta iritsi ahal izan baita amaierara, ikasleak geletan izatea lortuz. Ildo horretan, hurrengo 2021-2022 ikasturtea bestelakoa izateko desioa eta itxaropena azaldu ditu, pedagogiaz eta hezkuntzaz gehiago hitz egiteko aukera emango duen ikasturtea, pandemiaz eta osasunaz baino gehiago.

Aurten Laudio Ikastolak 50 urte betetzen dituela eta, urte borobil hori adibide hartuta, hezkuntza herri-proiektu gisa hazi den enbor moduan irudikatu du Bildarratzek, etorkizunerako herri proiektu gisa: duela hamarkada asko landare izaten hasi zen proiektua, enbor sendoko herri-proiektua da egun.

Hezkuntza proiektu sendo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, ikastetxeak ahaldundu behar dira, eta  ikasleak izan behar du ipar, baloreetan oinarrituta. Horrela, hezkuntza den herri-proiektu sendo horrek ezinbesteko dituen elementuak ere zerrendatu ditu Bildarratzek: euskara, teknologia, elkarbizitza, jakintza, aniztasuna, ekitatea… “Gure hezkuntza sistemak, euskara ardatzean kokatuko duen hezkuntza anitz bat izan behar du, hori izan  behar du gure etorkizuneko proiektua”.