Argi berdea eman dio Gobernu Kontseiluak lagun egiteko animaliak babesteko lege proposamenari

0

Konpainiako animaliak babesteko lege-proposamena aintzat hartzearen aldeko irizpidea adierazi du gaur Gobernu Kontseiluak, indarrean dagoen legea eguneratzen eta hobetzen duelako eta gizartearen eskaerei erantzuten dielako. Halaber, uste du ekimenak Euskadi Europako gizarte aurreratuenen buruan kokatzen duela, betiere lagun egiteko animaliak errespetatzeari eta babesteari eta animalia guztien tratu onari dagokionez.

Gasteizen egindako asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio legearen xede diren animaliak zehazten dituen ekimena aintzat hartzeari, hau da, konpainiako animaliak. Ekoizpenekoak eta errentakoak eta araudi propioa dutenak ez dira honetan sartzen. Ildo horretan, lege proposamenak konpainiako animalien jabeen betebeharrak ezartzen ditu, eta berariazko zehapen-esparru bat ezartzen du. Gainera, herritarrak animaliei zor zaien errespetuaren eta babesaren inguruan hezteko eta sentsibilizatzeko ekintzak sustatzen ditu.

Erakunde publikoek animalien zaintzari dagokionez duten zeregina ere aipatzen du arauak, eta ez du uzten animaliak bilketa-zentroetan hiltzen. Era berean, gobernantza indartua, lankidetzakoa eta orekatua sustatzea aurreikusten du erakunde publikoen artean, batez ere udalen eta Foru Aldundien artean, Legeak adierazitako betebeharrei erantzuteko.

Lagun egiteko animalien abandonua ere aurreikusita dago Lege Proposamenean, eta horren jarraipena egitea eta zigorrak ezartzea aurreikusten du. Horrez gain, gune zoologiko publiko zein pribatuen betekizunak eta baldintzak mugatzen ditu, eta eginkizun garrantzitsua ematen die albaitarien kolektiboari.

Lege proposamenak hainbat alderdi berritzaile jasotzen ditu animalien defentsari dagokionez. Besteak beste, identifikatu eta erregistratu beharra, animalia horiek zirku ikuskizunetan eta azoketan erakusteko debekua edo maskotak erakusleiho komertzialetan erakusteko debekua. Era berean, udalek animalientzako gune egokiak izan behar dituztela aurreikusten du.