Durangaldeko Mankomunitateak Tabirako Fundifes zaharreko lursaila birgaitzeko SPRILURekin akordio printzipio bat egitea ahalbidetu du

0

Durangaldeko Mankomunitateak, Maristak Durango Ikastetxearekin batera, akordio printzipio bat bultzatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin, Durangoko Tabirako Fundifes zaharreko lursaila berreskuratzea ahalbidetzeko, Basque Green Deal estrategiaren barruan eskualdeko prestakuntzarako eta ekonomiaren sustapenerako gune bihurtzeko.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentearekin eta Daniel Irazola Maristak Durango Ikastetxeko zuzendariarekin elkartu da gaur arratsaldean. Topaketa horretan, Txaber Ouro, Sprilurreko zuzendari kudeatzailea, Alfonso Fernández, Anaia Maristen Probintzia Iberiarreko administratzailea, eta Iñaki Totorikaguena, Mankomunitateko Toki Garapeneko presidentea ere egon dira.

Proiektuak lankidetza publiko-pribatuko eredu bat proposatzen du. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, lursailaren erosketa eta deskontaminazioa bere gain hartuko ditu, lurzoru horiek berreskuratzeko helburuarekin, Durangaldeko lanbide eta goi mailako heziketa beharrei erantzuna emateko, eta  etorkizunean ekonomiaren sustapen jasangarriaren premietara eta ekonomia berdearekin, energia berriztagarriekin edo mugikortasun jasangarriarekin, bizikletarekin erlazionatutakoak, batez ere, lotutako enpleguak sortzera bideratzeko.

Lursailaren zati handi bat Maristak Ikastetxearen esku jarriko litzateke, “Maristak Berria” proiektua gauzatu ahal izateko. Horrela, enpresen beharrei lotutako lanbide-heziketari behin betiko bultzada emango litzaioke, eta ikastetxe berria sortuko litzateke, handiagoa, lanbide-familia berriak, goi-mailako zikloak eta zibersegurtasunari, energia-eraginkortasunari eta garraioari eta mugikortasun jasangarriari lotutako espezialitateak jaso ahal izateko.

Proiektuak bat egiten du Durangaldeko Mankomunitateak definitutako eskualdeko ekonomia sustatzeko estrategiaren lehentasunezko ardatzekin: enpresa adimenduna, enpresa jasangarria eta enpresa sortzailea. Ildo horretan, Mankomunitatea ekonomiaren sustapenerako eredu berria lantzen ari da eskualdeko eragile sozioekonomiko nagusiekin. Horren barruan DEK-Durangaldea Enpresa Ekimena erakundea sortzeko aukera aurreikusten da, Durangaldeko enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzen, enpresa-proiektuak dinamizatzen eta talentua eta kalitatezko enplegua bultzatzen laguntzeko.

Arantxa Tapia sailburuak Durangaldeko Mankomunitatearen eta Maristak Ikastetxearen lankidetzarako jarrera eskertu du, eskualdearentzat eta lurralde osoarentzat etorkizunean giltzarri izango den ingurunea berreskuratzeko eta garatzeko bultzada zuzentzeagatik. “Ekonomiaren susperraldi garai honetan, ekimen eraldatzaileak gure gain hartu behar ditugu, prestakuntzan eta industria-enpleguan sortzen diren aukera guztiak aprobetxatuz. Adierazle ekonomikoek norabide ona erakusten dute, baina eskualde guztiek pilak jarri behar dituzte aukerarik ez galtzeko. Oraingoan, frogatu da erakundeen arteko lankidetza Durangaldeko herritar guztiengan eragin positiboa izango duen aktiboa dela, eta Eusko Jaurlaritzak lan-formula horretara irekita jarraituko du behar den leku guztietan”.

Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak balioa eman dio Maristak Ikastetxeak eskualdearen prestakuntzan betetzen duen leku garrantzitsuari, eta eskerrak eman dizkie Tapia sailburuari eta bere talde osoari, akordio printzipio hau ahalbidetzeagatik. “Orube hori berreskuratzea, Maristak Ikastetxearen eta Sprilurren eskutik, pauso garrantzitsua da eskualdean prestakuntzarako eta aukera bikaina izan daiteke ekonomiaren sustapenerako ekosistema bat sortzeko, gure enpresen lehiakortasuna bultzatu ahal izateko, eta baita industria adimendun, iraunkor eta sortzailean oinarritutako ekonomia berdearen eredua ere. Horren guztiaren ondorioz, enplegu gehiago sortuko litzateke eta Durangoko eta Durangaldeko biztanleek ongizate handiagoa izango lukete”.

Azkenik, Dani Irazola Maristak Ikastetxeko zuzendariak adierazi duenez “2016an, leku berean 112 urte egin ostean, espazioak Durangaldearen hezkuntzako agertoki eta erronka berrietara egokitzeko gogoeta prozesua hasi genuen. 5 urtetan hainbat alternatiba baloratu ditugu eta, erabaki dugu bere dimentsioak, kokalekua eta erabilgarritasuna kontuan izanda, Fundifes fundizioak hartzen zuen ingurunea dela MKD- Maristak Durango berrirako egokiena. Orain hori posible da, neurri handi batean Durangaldeko Mankomunitateak emandako babesa eta laguntzari esker, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailarekiko bitartekaritzaren bidez jarduteko formula erraztu baitu. Gainera, Durangoko Udaleko ordezkari politiko guztiei eskerrak eman nahi dizkiet proiektu hau lehenbailehen errealitate bihur dadin emandako laguntzagatik”.